Salburuko anfibioen kopurua jaitsi egin da
2005. urtean zehar ikerketa bat egin da Salburuan bizi diren anfibio espezieak (igelak, apoak eta uhandreak) zein egoeratan dauden ezagutzeko. 1999an egin zen animalia talde honen inguruko azken azterketa. Oso interesgarria da talde honen egoera ezagutzea, anfibio espezie asko hezeguneen egoeraren adierazleak baitira. Gainera, horietako batzuk, baso igel jauzkaria esaterako, iraungitze arrisku larrian daude.
1999an eta orain egindako azterketen arteko ezberdintasun nagusia, bakoitzean detektatu den ale kopurua da. Itxura batean, ale gutxiago daude orain espezie guztietan (uhandre marmolairearen kasuan salbu), bai gazte zein helduetan. Hortaz, badirudi Salburuan orain 1999an baino anfibio gutxiago daudela, nahiz eta gazteen kasuan esan behar da emaitzak tentuz hartu behar direla, urte guztiak ez baitira onak espezie hauen umaldientzako.
Dena dela, parkea asko aldatu da urte hauetan, eta hainbat urmael leheneratu eta landaketa ugari egin diren arren, Salburuko auzo berria eraikitzeko lanak ere hasi dira, zenbait arazo sortuz: gaueko argiztatzea handitu egin da, autoek harrapatuta hiltzeko arriskua handiagoa da, gauez parketik dabilen jendea gehiago da, etab. Horrez gain, badaude 1999an existitzen ez ziren beste bi faktore negatibo: oreinek hariztiko basopean duten eragina eta kanpoko espezie harraparien handitzea (karramarro amerikarra, arrainak, etab.)
Egoera hau hobetzeko, ikerlanean kontserbaziorako hainbat neurri proposatu dira. Besteak beste, kanpoko espezie inbaditzaileen kontrola, baso igel jauzkariaren erruteak babestea, harizti atalak oreinak eraginetik babestea eta ur putzu txikiak sortzea proposatu da. Era berean, ezinbestekoa da populazioen jarraipena maiztasun handiagoz egitea, urtero edo gutxienez bi urtean behin, beren eboluzioa fidagarritasun handiagoz ezagutzeko.
Bestalde, 2005ean detektatu diren espezieak 1999an topatu ziren berak dira, apo pintatu iberiarra salbu. Egun daudenak honakoak dira: uhandre marmolaire eta palmatua, ur igel arrunta, baso igel jauzkaria, apo pikarta, zuhaitz igel arrunta, txantxikua eta apo arrunta.