Salburuako hezeguneak, Nazioarteko Garrantsidun gisa sailkatuak Ramsar Hitzarmenean
Berriki, Salburuako hezeguneak "Nazioarteko Garrantzia duten Hezeguneen inguruko Konbentzioan" sartu dira. Aipatu hitzarmena, "Ramsar Hitzarmen" gisa ere ezagutzen dena, planeta osoko 131 herrialdek sinatu dute eta mundu mailako garrantzitsuena da hezeguneen babeserako. Hezeguneak desagertzeko arrisku handia pairatzen duten ekosistemak dira; beren egoeraren adibide bat jartzearren, esan behar da Espainian jatorrizko hezeguneen %60 suntsitu dela, eta planeta mailan suntsitze dinamika hau (lehortzeak, poluzioa, etab.) oso antzekoa da.
Ramsar Hitzarmena sinatzen duen Estatu bakoitzak beren lurraldean baliotsuenak kontsideratzen dituen hezeguneen zerrenda bat egin behar du, eta horren ondorioz, haiek era zuzenean kontserbatu eta kudeatzera beharturik dago. Era berean, hezeguneak Hitzarmenean sartzeko irizpideak zientifikoki justifikatu behar dira, hezeguneok benetan "Nazioarteko Garrantzidun" gisa sailkatzeko bermatzen dituzten ezaugarriak dituztela ziustatzeko.
Salburuako kasuan, berau "Ramsar Gune" gisa sailkatzeko argudio anitz dago, besteak beste hezegunearen beraren existentzia akuiferoen deskargako sistemen adibide bikain gisa edo interes bereziko edota arrisku biziko landaredi eta fauna komunitateak (ipurtats europarra, igel jauzkaria eta beste anfibio batzuk, hegazti akuaitko ugari, etab.) edukitzea. Era berean, Vitoria-Gasteizko hirigunean uholdeak saihesteko hezeguneetan egin ziren leheneratze lanek ere garrantzi berezia izan duen beste alde bat izan da gune hau Hitzarmenean sartzeko.
Azken finean, Salburuako hezeguneek, Ramsar Hitzarmeneko hezeguneen talde hautatuan sartzean, mundu mailako onarpena jaso dute, eta honek bere kudeaketa eta iraupenerako lan egokiak egiteko bidean aurrerapauso bat eragingo dute zalantzarik gabe.