Saguzarrentzat Salburuan jarritako babestokien % 71 bete da, aurreko urteetako marka gaindituz
EAE mailan mehatxatutzat katalogatuta dauden saguzar mediterraneoak, gau-saguzar txikiak eta Kuhl pipistreloak toki egokia dute Salburuan bizitzeko, bertako intsektu dentsitate handiari eta babes-kutxa horien presentziari esker.
2015ean saguzarretan adituak diren bi zientzialarik, Juan Tomás Alcaldek eta Iñaki Martínezek, Udalaren Ingurumen eta Osasun Publikoko Saileko Eraztun Berdearen eta Biodibertsitatearen Unitatearen enkargua jaso zuten babes-kutxen okupazio maila ezagutzeko. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailaren diru laguntza izan zuen ikerlan horretan ikusi da kutxak eraikin zein zuhaitzetan instalatzea onerako izan dela, eta Salburuan dagoen intsektu dentsitatearekin batera, saguzarren garapenerako toki bikaina bihurtu dela berdegunea.
Azterketa urteko bi sasoitan egin zen. Udan talde ugaltzaileak aztertu ziren; kasu horretan, ugaltze garaiaren sentikortasuna kontuan hartuta, kutxan ez ziren ireki eta kanpotik aztertu ziren ultrasoinuen detektagailuen bitartez. Neguan, berriz, kutxak bai ireki zirela.
Emaitzak ezin hobeak izan dira eta okupatuta dauden 65 kutxa antzeman dira, bai aleak zeudelako barruan bai saguzarren guanoa behatu delako. Nabarmentzekoa da aurreko azterketetan (azkena 2013an) inoiz ez zela antzeman % 50etik gorako okupazioa. Era berean, 2015ean 113 saguzar ale detektatu ziren, aurreko azterketetan gehien jota 58 ale ikusi zirenean.
Salburuan izandako arrakasta ikusita, 2015ean zehar 20 babes-kutxa gehiago ipini ziren Zadorra ibaiko ertzetan eta 20 gehiago Antonio Machado-Zorrostea kaleetako parkean. Datozen urteetan berriro aztertuko da neurri hori ongi hartu duten animalia onuragarri eta mehatxatu horiek.