Prozesu parte-hartzaile bati ekin zaio Zabalganeko biztanleek beren auzoko Azpiegitura Berdea hobetzen lagun dezaten
Gasteizko Udalaren Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak eta Ingurumen Sailak, Zabalgana Batuz elkartearen laguntzarekin, herritarrentzako partaidetza-lantegi bat antolatu dute, Zabalganeko berdeguneak eta hutsik dauden lursailak Azpiegitura Berdearen ikuspuntutik hobetzeko ideia eta proposamenak jasotzeko.
Udalak berriki martxan jarri duen Gasteizko Hiri-azpiegitura Berdea, auzoz auzo proiektuaren baitan sartzen da partaidetza-prozesu hori, zeinen helburua baita hiriko berdeguneen ekologia-, ingurumen- eta gizarte-funtzioak hobetzea, eta, aldi berean, horien kudeaketak eta mantentze-lanek sortzen dituzten gastuak gutxitzea.
Lakua auzoan hasi da garatzen proiektua, esperientzia pilotu gisa, eta orain hiriko beste auzo batzuetara zabaltzea da asmoa, Zabalgana auzotik hasita. Horretarako, hasierako faseetatik, auzokoen eta kolektibo sozialen partaidetza eduki nahi da. Auzoko berdeguneetan bideratuko diren jarduera eta proiektuak definitzen lagunduko dute lantegitik ateratzen diren ideia eta proposamenek.
Hainbat saio eta bisitaldi tekniko izango ditu lantegiak, horietako lehena ekainaren 1ean, 18:30ean, Zabalganeko Santa Klara parrokian. Ekainaren 8an hurrena, Lakua auzoan barrena egingo den bisitaldi tekniko gidatu bat, non azalduko diren auzo horretan hutsik dauden berdegune eta lursailetan egin diren jarduerak.
Lantegiaren bigarren partea irailean edo urrian izango da. Bisitaldi gidatu bat egingo da Zabalganeko auzoan barrena, hainbat gune ikusteko eta Azpiegitura Berdearen ikuspuntutik zein ekintza mota egin daitekeen azaltzeko; eta amaitzeko partaidetza-dinamika bat egingo da jendeak beren proposamenak egin ditzan.
> 1. saioa: aurkezpen orokorra (ekainaren 1)
> 2. saioa: bisitaldi gidatua Lakua auzoan barrena (ekainaren 8)
> 3. saioa: bisitaldi gidatua, Zabalgana auzoan barrena (udazkenean, eguna zehazteke)
> 4. saioa: partaidetza-dinamika (udazkenean, eguna zehazteke)