eues

Albistea

Probatzaileen bigarren promozioak hasi du jadanik prestakuntza-ibilbidea ALEKO nekazaritza test gunean

Joan den otsailaren 3an hasi zen ALEKOn, Gasteizko nekazaritza test gunean, testerren (probatzaileen) bigarren promoziorako prestakuntza-ibilbidea. 2025ean zehar, sei pertsona nekazaritza birsortzaileko hainbat maneiutan trebatuko dira, eta nekazaritza-ekintzailetzako proiektuak egingo dituzte, sektorean profesionalizatzeko helburuarekin. Gainera, aurten ibilbidea hasi duten pertsonek eta iaz egin zutenek beren esperientziak partekatu ahal izateko eta beren proiektuak sendotzeko espazioak sortuko dira. Izena emateko epea otsailaren 28ra arte egongo da zabalik ibilbidea egin nahi dutenentzat.

2025ean ibilbideak zenbait aldaketa izan ditu 2024an egindakoarekin alderatuta. Aurten, prestakuntza otsailetik uztailera egingo da, eta guztira 630 ordu emango dira hainbat modulutan banatuta. Emango diren gaiak honako hauek dira: nekazaritza birsortzailearen oinarriak, baratzezaintza biointentsiboa, baratzezaintza estentsiboa eta lehorreko laboreak, frutagintza, abeltzaintza dibertsifikatua, basozaintza eta baso-kudeaketa, tresna txikien eta makineriaren eraikuntza, ekonomia sozial eta solidarioa, eta taldeen kudeaketa. Uztailetik azarora bitartean, testerrak praktika-fasean sartuko dira, eta beren proiektu profesionalak probatuko dituzte, profesionalizaziorako jauzia egin aurretik baliozkotu eta hobetzeko. Berrikuntza gisa, azaroan eta abenduan nekazaritza-sektoreko 140 orduko ekintzailetza-modulu bat emango da.

2024arekin alderatuta badago beste berritasun bat: prestakuntza teorikoa Olarizuko Etxaldean emango da, ALEKOk Monasteriogurenen dituen sailetatik gertu dagoelako. Gune horretan eta Basaldea nekazaritza ekologikoko enpresen hazitegian egingo da prestakuntza praktikoa. Monasteriogurenen, ALEKOk nekazaritza-laborantza estentsiboak, abeltzaintza dibertsifikatua, frutagintza eta baso-kudeaketa probatzeko hainbat sail ditu. Basaldean, ALEKOk baratzezaintza biointentsiboko sail bat du. Sustraiak Habitat Design eta Soilik kooperatibek emango dute prestakuntza, nekazaritzako erabilera horietan adituak baitira.

ALEKO nekazaritza test gunea CROPS4LIFE proiektuko piezetako bat da, Europar Batasunak kofinantzatzen duena. Proiektuaren helburuak dira nekazaritza birsortzailean oinarritutako nekazaritza-ekoizpen modu berrien bideragarritasuna frogatzea, elikagai freskoen tokiko ekoizpena handitzea eta Gasteizko elikadura-sistema deskarbonizatzea gobernantza-formulen bidez.


 

101114329 LIFE 22-GIC-ES-CROPS4LIFE

Co-funded by the European Union. Views and opinions expressed are however those of the author(s) only and do not necessarily reflect those of the European Union or CINEA. Neither the European Union nor the granting authority can be held responsible for them.

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala