Ordenantza aldaketarekin, bizikidetza-unitate batek lursail bat baino gehiago eskuratu ahalko du hiri baratze ekologikoetan
Udal gobernuak Gasteizko hiri-baratzeen erabilera arautzeko udal ordenantza aldatzeko proiektua onetsi du. Ordenantzak baratzeak erabiltzeko baldintzak arautzen ditu, onuradun izango diren pertsona eta erakundeak hautatzeko prozedura definitzen, eta arau-hausteak eta erabiltzaileei jar dakizkiekeen zigorrak zehazten.
Ordenantzaren proiektua onartzen bada, bizikidetza-unitate batek baratze bat baino gehiago eskuratu ahalko du; orain lursail bakarra eskuratu daiteke etxebizitza bakoitzeko.
Proiektuak beste berrikuntza batzuk jasotzen ditu, esaterako, baratze komunitario autogestionatuak (Zabalortu eta Lakuakolore eta sor daitezkeen beste batzuk) ordenantzaren barruan sartzea, deialdi publikoa eginez talde bati erabiltzeko baimena emanda. Orobat, oraingo ordenantzaren akats batzuk zuzentzen ditu, hutsik geratutako lursailak berriro eskaintzea zailtzen baitzuten, eta erabilerak baimentzeko modua aldatzen du, udalaren hiri-baratzeen ereduari eta nekazaritza ekologikoari buruzko hastapen ikastaro laburra egin beharko baita.
Kudeaketa eraginkorragoa izan dadin, bestalde, arau-hausteak eta kalifikazioa (oso larriak, larriak nahiz arina) berrikusiko da, zuzenbidearekin —hau da, goragoko lege-esparruarekin— bat etor daitezen. Isunak 750 eurokoak izan daitezke arau-hauste arinengatik (lursaila onik zaintzeko oinarrizko zereginak ez egitea, esaterako); 1.500 eurokoak arau-hauste larriengatik (baratzeetan barbakoak, estalpeak edo baimenduta ez dauden bestelako elementuak instalatzea), edo 3.000 eurokoak arau-hauste oso larriengatik (baratzeetan landutako produktuak merkaturatzea).
Hiri-baratze ekologikoak 1990eko hamarkadaren amaieran sortu ziren, Eraztun Berdea osatzen ari zenean. Garai hartan baziren baratzeak ibai ertzeetan eta hiriaren periferiako beste leku batzuetan, baina modu desordenatuan eta lurzorua era irregularrean okupatuz lantzen ziren, eta hori arautu nahi izan zen.
Gasteizen hainbat lekutan sustatzen da hiri baratzezaintza: IGIk kudeatzen dituen Urarteko baratze ekologikoak,225 pertsonak eta 11 taldek erabiltzen dituztenak; ; Zabalortu eta Lakualore baratzeak herritarren kolektiboek kudeatutakoak; gizarte etxeetako baratze ekologikoak, herritarrei baratzezaintza ezagutarazi eta prestakuntza-jarduerak antolatzeko balio dutenak; eskola-baratzeak, zeinetan ikastetxeek ikasgelako programazioaren zati bat garatzen baitute, eta adinekoentzako zentro soziokulturaletako baratzeak, terapia okupazionala egiteko balio dutenak. Olarizuko baratzeak, berriz, eraldatzen ari dira, Olarizuko lorategi botanikoko Landare baliagarrien lorategia jartzeko.