Orain arte Gasteizen inoiz ikusi gabeko tximeleta espezie bat aurkitu da Armentiako parkean
Joan den uztailaren 8an, Gasteizko Udaleko Eraztun Berdearen eta Biodibertsitatearen Ataleko teknikariak Armentiako parkean eguneko tximeleten ohiko bilaketan ari zirela, w-zuria (Satyrium w-album) deritzon espeziearen bi ale antzeman zituzten. Estatuko iparraldean eremu txiki batean bizi den espeziea da, urria, eta Araban beste bizpahiru lekutan baino ez zen ezagutzen. Beti ale gutxik osatutako kolonia txikietan agertzen da.
80ko hamarkadan zabaldu zen zumarraren grafiosiak eragin handia izan zuen espezie horren populazioetan, aipatutako zuhaitzaren hostoak baitira beldarren jateko bakarra. Hori dela eta, ZERYNTHIA tximeletak eta haien ingurunea babesteko Espainiako elkarteak tximeleta horren habitata historikoki dokumentatu den lekuetan lehengoratzeko plan bati ekin zion 2015ean, grafiosiaren gaitzari erresistente diren zumar autoktonoak -Ingurumen Ministerioak emandakoak- baliatuz.
Tximeleta mota horrek W formako lerro zuri bat du atzeko hegoen behealdean, hortik izena. Uztailean zuhaitz eta zuhaixkez inguratutako bideetan edo soilguneetan ikus daiteke, laharren eta zihaurrien loreen nektarra xurgatzen.
Horrekin, dagoeneko 105 eguneko tximeleta antzeman dira Armentiako parkean, zeina Euskadin lepidopteroak behatzeko lekurik onenetako bat bihurtu baita. Gasteizko udalerriko espezie kopurua, berriz, 137ra iritsi da orain.
Aipatu beharra dago 2015ean Tximeleten Kontserbazio Programa bat jarri zela abian Eraztun Berdeko parkeetan, CEAk kudeatzen duen Herritarren Zientziako sarearen baitan.