Onartu da ofizialki 'Vitoria-Gasteizko udalerriko biodibertsitatea kontserbatzeko estrategia'
Udalaren konpromiso horren ondorioz, behin-behineko dokumentu bat idatzi zen Equinoccio Natura enpresaren laguntzarekin. Udalaren zerbitzu teknikoen berrikuspenaren ondoren, zirriborro hori Ingurumeneko Kontseilu Sektorialera eraman zen, bertako partaideek ekarpenak egin zitzaten. Kontseiluko kide diren Arabako Nekazarien Elkarteak (UAGA) eta GADEN kontzerbazio taldeak iritzi eta kritika baliotsuak egin zituzten. Beste erakunde batzuek ere, esaterako Arabako Natura Institutuak, Espainiako Ornitologia Elkarteak eta APUS elkarteak beren ekarpenekin aberastu zuten dokumentua. Den-denei dokumentua hobetzeko egindako ahalegina eta erakutsitako interesa eskertu nahi diegu.
Estrategiaren xede nagusia da biodibertsitate galera gelditzea eta udalerriko habitatek eta espezieek gizarterako dituzten balioak eta funtzioak aitortuz, haiek kontserbatzearen aldeko egoera erdiestea hamar urteko epean, eta horretako beharrezkoak diren neurriak ezartzea. Ildo horri jarraituz, udal egoeraren diagnostiko bat egin ondoren, estrategiak 123 ekintza proposatu ditu.
Dokumentua Tokiko Gobernu Batzarrak onartu zuen ofizialki pasa den otsailaren 13an.