eues

Albistea

Olarizuko lorategi botanikoan lirioak eta kuku-prakak landatzeko familia jarduera egin da

Plantación

Berrogeita hamar gasteiztar inguruk lirioak eta kuku-prakak landatu zituzten Olarizuko lorategi botanikoan urtarrilaren 26an, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak antolatutako jarduera batean. Zehazki, Iris graminea eta Digitalis lutea espezieetako aleak landatu ziren Eraztun Berdearen Atalak prestatutako lurrean.

Lirio autoktonoa (Iris graminea) erkameztietako argiguneetan zein bazterretan hazten da. Belar-osto itxurako lili hori gehien bat Pirinioen inguruan agertzen da, baina Erdialdeko Europan ere aurki daiteke, eta Errusiako lautadetaraino iristen da.

Bestalde, Digitalis lutea (kuku-praka horia) landatu da, europar pagadietako oihanpean ohikoa den landarea, hain zuzen. Jende askok ezagutzen du kuku-praka morea (Digitalis purpurea), Euskal Herriko toki askotan hazten baita, baina lore horixka eta txikiak dituen beste espezie hori gutxik ezagutuko dute, Pirinioetako pagadi ongien kontserbatuetakoetan milaka ale hazten badira ere.

Landareak lorategi botanikoko germoplasma-bankuko haztegian ekoiztu ziren. Azpiegitura hori funtsezkoa da biodibertsitatearen galerari aurrea hartzeko, desagertzeko arriskuan diren espezieen etorkizuna bermatzen baitu, eta ziurtatzen ingurune naturaletik kanpo kontserbatuko direla eta kasurik larrienetan esku hartu ahal izateko landareak edukiko direla, berriro landatuz, populazioak sendotuz edo habitatak leheneratuz natur ingurunean ere kontserbatu ahal izatea bermatzearren.

Olarizuko lorategi botanikoan dagoen Europako Basoen Arboretoan zuhaitz, zuhaixka eta landare igokari ugariz osatutako bildumak daude. Baina, basoaren babespean, landare belarkara ugari ere hazten dira. Beraz, behin kontinenteko zuhaitz eta zuhaixka gehienak izanda, eta zenbait bilduma baso itxura hartzen hasiak direlarik, horiek espezie belarkarekin osatzeko garaia da, udaberrian Europako basoetako oihanpea bereizten dituzten loraldi ederrak lortzearren.

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala