Okil ertainak (Dendrocopos medius) Gasteiz mendietan duen populazioari buruzko ikerlana
Okil ertaina (Dendrocopos medius) Europa osoan zehar bizi den hegazti espeziea da. Arruntagoa da Europa ekialdean eta bakanagoa Iberiar Penintsulan, azken honetan iparraldean soilik baitago. Harizti eta amezti helduetan bizi da, eta baso mota hauen kalitatea neurtzeko adierazle gisa erabiltzen da.
CEAk ikerlan bat kontratatu zuen espezie honek Gasteiz mendietan duen banaketa ezagutzeko eta bertan habia egiten duela baieztatzeko; izan ere, 2007ko apirilean bikote bat antzeman zen Aberasturi herritik hurbil dagoen harizti heldu batean. 2008 eta 2009an CEAko teknikariek egindako azterketek erakutsi zuten populazio egonkor bat existitzen dela hemen.
Ikerlanaren ondorioz, okil ertainaren 6 bikote aurkitu ahal izan dira espezieak Gasteiz mendietan dituen habitat potentzialeko 610 hektareatan barrena. Horrez gain, bi habia aurkitu dira tamaina handiko urkietan. Datu hauek erakutsi dutenez, Gasteiz mendiak toki garrantzitsua dira okil ertainaren kontserbaziorako, baita harizti helduei lotutako beste zenbait hegazti espezie mantentzeko ere.
Ikerlana osatzeko gomendio sorta bat prestatu da espezie honen habitata kontserbatu eta hobetzeko, batez ere egungo harizti eta amezti helduen kalitatea mantentzera eta ezaugarri beretsuak dituzten area berriak sortzera zuzenduak. Era berean, populazio hauek Vitoria-Gasteizen izan dezaketen eboluzioa ezagutzeko segimendu plan bat proposatu da.