Oinezkoen, bizikleten eta gainontzeko ibilgailuen arteko elkarbizitza sustatzeko kanpaina hasiko du gaur Udalak
Gasteizko Udalak, Udalaren Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren bitartez, eta Udaltzaingoaren laguntzarekin, informazio- eta kontzientziazio-kanpaina bati ekin dio gaurtik aurrera, oinezko, txirrindulari eta gainontzeko ibilgailuen arteko elkarbizitza sustatu asmoz. Kanpainako jardueren artean, txirrindulariei bide segurtasunezko aholkuak emateko gida bat banatuko da; horrez gain, bizikleta onik zaintzeko eta lapurretak ekiditeko gomendioak eman, eta zirkulazio-arau garrantzitsuenak gogoratzen ditu.
Gaur hasiko da banatzen Bizikleteroak elkartearen laguntza teknikoarekin osatutako gisa: gaur hasi, beraz, eta 18an, 19an eta 20an ere banatuko dute gida bizikletaz ibiliko diren bi begiralek, udal igerilekuen eta campusaren eta beste ikastetxe batzuen inguruetan, eta bizikleta-dendetan. Herritarren Segurtasunaren eta Kirolen zinegotzi Alfredo Iturrichak gaur goizean, kanpaina aurkeztean esan duenez "Gida kanpaina honi begira osatu da, baina txirrindularientzat aurrerantzean oinarrizko erreferentzia izateko asmoz sortu dugu".
Udaltzainek ere indartu egingo dute ibnformazioa emateko zeregina. Izan ere, txirrindulari gehien dituzten inguruetan herritarrei informazioa ematen arituko da bizipoli patruila bat. Bizipoliak gurutze-bideetan arituko dira batez ere, esaterako honakoetan: Independentzia eta Bake kaleen artean, Euskal Herriko bulebarra eta Latinoamerika biribilgunearen artekoa, Luis Heintz kalea eta Lovaina plazako biribilgunearen artekoa, eta Ramón y Cajal kalean, Canciller Ayala hotelaren parean.
Kanpainaren testuinguruan, zinegotziak oinezkoen, bizikleten eta bestelako ibilgailuen arteko elkarbizitza egokia lortzeko, "bestearen lekuan jartzearen eta errespetua sustatzearen" garrantzia azpimarratu du. Horretan oinarritzen da kanpainaren eslogana: Ni zugatik, zu nigatik / Yo por ti, tú por mí. "Udalak, eguneroko joan-etorrietarako gero eta jende gehiagok bizikleta erabili dezan nahi du, hori da bere ahalegina" esan du Alfredo Iturrichak. Eta datu bat gaineratu du "bizikleta garraiobide gisa erabiltzen dutenen batez bestekoa % 7 ingurukoa da gure artean, eta % 14 edo 15era iritsi nahi genuke datozen sei urteren epean".
Ildo beretik, zinegotziak Udaltzaingoak asmo berberarekin gauzatu dituen kontrol-kanpainetako datuak jakinarazi ditu. 2012an 559 bizikleta kontrolatu dira; horien artean 629 arau-hauste edo bete gabeko gomendio atzeman dira. 2011n 378 bizikleta kontrolatu ziren; orduan arau-hauste edo bete gabeko gomendioak 744 izan ziren.
Gaur Udalak abiarazi duen kanpaina, hitzaldi, irrati-iragarki eta hiri-autobusetan ipinitako publizitatearekin hornituko da, asmo osagarri batekin: gidariei bizikletak garraio-bitarteko gisa duen garrantziari eta galtzada zilegitasun osoz erabiltzeari buruz hausnartzera gonbidatzea... Gainera, kanpainarekin bat egiten duten auto-gidariei Bizikleta datsegit / Me va la bici testudun eranskailu bat banatuko zaie, horren bidez bizikletari, aintzat hartu beharreko bide publikoko erabiltzaile gisa dioten errespetu erakutsi ahal dezaten.