Mugikortasun Planari buruzko erakusketa ibiltaria ikusgai egongo da zortzi gizarte etxetan, proiektua azaldu eta herritarren partaidetza sustatzeko
Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredok Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planaren berrikuspenari buruzko erakusketa inauguratu zuen irailaren 23an Aldabeko gizarte etxean. Joan den astean aurkeztu zen hasierako dokumentuaren gakoak auzo guztietara hedatzea da erakusketa ibiltariaren helburua. “Azaroaren 24ra arte, hiriko zortzi gizarte etxetan jarriko da erakusketa. Proposatutako neurri berriak zuzenean ezagutzeaz gain, herritarrek proposamenak eta iritziak azaldu ahalko dituzte horretarako egokitutako espazio berezi batean, zeinean monitore espezializatu batek emango baitie arreta. Izan ere, herritarrei informazioa helarazi nahi diegu, eta haien parte hartzea sustatu, hiriarentzat hain garrantzitsua den plan hau hobetu eta aberaste aldera”, azaldu zuen zinegotziak.
Erakusketaren atariko moduluan Mugikortasun Planaren lehen 10 urteen emaitzak ezagutu ahalko dituzte bisitariek, animaziozko bideo labur baten bidez. Ondoren, 10 informazio-panel jarri dira, planaren bederatzi helburu nagusiak eta jarduera garrantzitsuenen laburpena azaltzen dituztenak: super-etxadiak, oinezkoentzako sarea, garraio publikoa, bizikleta, ibilgailu pribatuentzako sarea, azpiegitura berdearen sarea, lanera joateko mugikortasuna, eta salgaiena. Mugikortasun iraunkorrago baten onurak aletzen dituen panel batek biribiltzen du atal hori. Azkenik, parte hartzeko gune bat egokitu da, herritarrek ekarpenak zuzenean egiterik izan dezaten; horretarako, “postalak” erabiliko dituzte. Ohiko bideetatik ere egin ahalko dituzte ekarpenak, baita udalaren webgunean erakusketari buruz ireki den berariazko atalean ere.
Erakusketa zortzi gizarte etxetatik ibiliko da: Aldabe (irailak 23-28), Ibaiondo (urriak 1-5), Iparralde (urriak 8-11), Lakua (urriak 15-19), Hegoalde (urriak 22-26), Zabalgana (urriak 29-azaroak 2), Judimendi (azaroak 5-9) eta Salburua (azaroak 19-24). Hiriko alderdi guztietara iristea da asmoa, herritar orok informazioa eskuratu eta parte hartzerik izan dezaten. Monitore espezializatu batek emango du arreta informazio-gunean, 10.30etik 13.30era eta 16.30etik 20.30era asteartetik ostiralera, eta 11.00etatik 14.00etara larunbatetan, jaiegunetan izan ezik. Jasotako ekarpen guztiak udal teknikariek aztertuko dituzte.
“Plan honek berebiziko garrantzia du hiriaren etorkizunerako, eta uste dugu jende guztiak ezagutu beharko lukeela; beraz, erakusketa ikustera animatzen ditugu, eta iritzia ematera, denon artean amaierako agiririk onena osa dezagun azkenean“, azpimarratu zuen Amaia Barredok.
Erakusketa amaitu ondoren, Mugikortasun Iraunkorraren Herritar Foroaren saio bat egingo da, erakusketan zein herritarren postontzian egindako ekarpenak eztabaidatzeko.