Gasteizko Mugikortasun Jasangarriaren eta Espazio Publikoaren 2021-2025 Planaren ebaluazioa aurkeztu du Udalak

Vitoria-Gasteizko Udalak Vitoria-Gasteizko Mugikortasun Jasangarriaren eta Espazio Publikoaren 2021-2025 Planaren tarteko ebaluazioa aurkeztu du. CEA eta Espazio Publikoaren eta Auzoen Saila izan dira ebaluazioaren arduraduna, Udaleko gainerako zerbitzu teknikoekin lankidetzan.
Ebaluazioan Planaren 9 helburu estrategikoak aztertu dira. Udalerriaren mugikortasuna osatzen duten alderdi guztietan izan nahi dute eragina helburu horiek: motordun trafikoan, bizikletan, garraio publikoan, oinezkoentzako espazioan, hiri logistikan, lanerako eta ikastetxerako joan-etorrietan, eta baita erlazionatutako beste alderdi batzuetan ere, hala nola kutsadura eta klima, mugikortasunaren elektrifikazioa, hezkuntza eta gobernantza.
Planak 72 ekintza espezifiko zehaztu zituen helburu horiek lortzeko ibilbide orri gisa. Azpiegituretan, zerbitzuetan eta politiketan egiten diren ekintzak dira, eta dauden mugikortasun sistemak optimizatzea dute helburu.
Ebaluazioan orain arte lortutako aurrerapenak identifikatu dira, erronkak zehaztu dira eta Gasteizen mugikortasun iraunkorreko politikak indartzeko gomendioak proposatu dira.
Planaren betetze mailari dagokionez, Udalak ekintzen % 49 osatu ditu, eta % 30 dagoeneko abian daude; beraz, proposatutako 72 neurrien % 80ri heldu zaio. Gainera, Planean proposatutako esku-hartzeez gain, Planean sartuta ez zeuden beste 42 esku-hartze ere gauzatu dira.
Diagnostikoa
Ebaluazioarekin batera, egungo egoeraren diagnostiko bat egin da udal mugikortasunaren egoera deskribatzeko eta orain arte noraino iritsi garen, zer lortu dugun eta zer arlo indartu behar dugun jakiteko.
Diagnostikoak Gasteizko egoera sozioekonomikoari eta horrek mugikortasunean duen eraginari buruzko informazioa jaso du, herritarren mugikortasun ohiturak azaldu ditu, garraio sareen bidezko mugikortasuna deskribatu du (garraio publikoa, autoa, bizikleta, oina, etab.), superetxadien ezarpen egoera zehaztu du, aparkaleku eredua ere deskribatu du, eta beste alderdi batzuei buruzko informazio gehigarria dauka, hala nola istripuak, industrialdeetarako mugikortasuna, landa guneetarakoa, salgaiak banatzekoa edo ikastetxerakoa.
Diagnostiko hori Mugikortasun Plan berria egiteko lehen katebegia izango da. Plana idazteko lanak hasi dira jada, eta 2030era arteko Gasteizko mugikortasunaren etorkizuna definituko du horrek.
Gasteizko Mugikortasunaren Planaren ebaluazioa eta diagnostikoa