MOVESMART proiektua abian jarri da: mugikortasun adimenduna Vitoria-Gasteizen
Garraiobide ezberdinak konbinatuz ibilbide jakin bat osatzeko biderik eraginkorrena zein den ezagutzeko balioko duen sakelakoentzako aplikazio bat garatzea da proiektuaren helburua. Garraio modu anitzen ibilbide planifikatzaile honen xedeetako bat mugikortasun iraunkorra sustatzea da, kalkuluetan energiaren aurrezpena eta kutsatzaileen murrizketa bezalako faktoreak kontuan edukiko baititu. Beste kontzeptu berritzaile batzuk ere integratuko ditu, esaterako eskariaren araberako mugikortasuna, elektromugikortasuna eta crowdsourcing-a (erabiltzaileek zirkulazio arazoen berri ematea eta sistemaren datuak informazio horrekin denbora errealean eguneratzea).
CEAren lana, TUVISArekin lankidetzan, Gasteizen eta Kroaziako Pula hirian abian jarriko diren proiektu pilotuak definitu eta garatzea izango da. Bestalde, CEA liderra da, partzuergoaren barruan, proiektuaren zabalkundeari dagokion lan paketean.