Mendiko Duatloiko Espainiako Txapelketa Armentiako Parkean
Mendiko Duatloiko Espainiako aurtengo Txapelketa Eraztun Berdean ospatuko da, erabilera publikoko espazio gisa duen garrantzia gehiago indartuz. Saio hau larunbat martxoaren 29an ospatuko da eta Armentiako basoan jendearen joan-etorrietarako propio egokiturik dauden ibilbideetan zehar korrituko da oso-osorik. Mendiko duatloia Espainiako Triatloi Federazioak antolatzen duen saiorik ikusgarrienetakoa da eta 300 partehartzaile baino gehiago egongo direla aurreikusi da.
Ibilbidearen hautaketan eta espazio desberdinen egokitzapenean CEAko teknikariak eta Federazioa elkarlanean aritu dira, gertakizun jendetsu honen eta basoko natur balioen arteko bateragarritasuna ziurtatua gera dadin.
Saioak hiru atal ditu: hasteko, partehartzaileek bi itzuli emango dituzte 3 km inguru dituen oinezko zirkuituan zehar, ondoren mendiko bizikletaz 7 km-ko txirrindularientzako zirkuituan hiru itzuli emango dituzte eta, bukatzeko, azken bira bat emango diote oinezko zirkuituari. Lehiaketaren ikusgarritasuna bermaturik dago, tarte tekniko eta gogorrez tartekaturik dauden beste zati arinagoak dituen zirkuitu bat diseinatu baita. Lehiakideak Armentiako Basilikan kokatuko den helmugatik hainbat aldiz igaroko dira.