Maiatzaren 31n bizikletak alokairuan hartzeko zerbitzua jarriko da abian berriro
Vitoria-Gasteizko Udalak eskaintzen duen doaneko zerbitzu honen bidez, izena ematen duen orok bizikleta bat eskuratu ahal izango du 10:00etatik 21:00etara hirian barrena paseatzeko edo mugitzeko. Zerbitzuak 400 bizikleta izango ditu 11 alokairu puntutan banaturik, eta 2005eko azaroa arte funtzionatuko du.
Aurtengo alokairu puntuak hauek dira: Lakua, Arriaga, Aldabe, Iparralde, Europa, Judimendi eta Hegoalde gizarte etxeak, Abetxukuko kiroldegia, Medizorrotzako frontoiak, Turismo bulegoa eta Boulevard merkatalgunea. Izena emateko interesa dutenek alokairu puntuetako batera hurbildu beharko dute. Iaz izena eman zutenek ez dute berriro eman beharrik izango.
Zerbitzua 18 urtetik beherakoek ere erabili ahal izango dute, betiere adin nagusiko pertsona baten bermea badute. Bizikletak alokairu puntuetan jaso ahal izango da eta haietako batean utzi beharko da, egun berean, zerbitzua itxi baino lehen.