Maiatzaren 26, 27 eta 28an Vitoria-Gasteizko Paisaiaren I. Hiri Foroa ospatuko da
Foroa hiru saioz osaturik egongo da (Jardunaldiak, Lehiaketa eta Tailerra) eta bere xedea mundu osoko adituen, tokiko agenteen eta herritarren artean paisaiaren arkitekturak eta hirigintzak hiriaren eta haren lurraldearen plangintzan duten rolaren inguruan eztabaida sortzea da.
Paisaiaren I. Hiri Foroaren Jardunaldiak maiatzaren 26tik 28ra ospatuko dira, 'Periferiak: barrurantz, kanporantz' izenburupean, Goiuri jauregian. Bere helburua komunitate jasangarriagoetarantz bilakatzea ahalbidetuko duten estrategia eta mekanismoen bilaketa sustatzea da. Horretarako, bere baitan hartuko ditu paisaia, hirigintza eta plangintza arloetako azken joerak.
Kanporantz
Maiatzaren 26an hirien eta inguruko lurraldearen arteko trantsizio zonen arazoak landuko dira. Espazio horiek autonomotzat eta berezko dinamikaz hornitutzat hartuta, munduan erabiltzen diren kudeaketa ereduak aztertuko dira (Menorca, Vancouver, Varadero).
Barrurantz
Maiatzaren 27an hiri inguruen eta erdiguneen arteko harremanak analizatuko dira, hirian sartzen diren sistema naturalak hirian nola integra daitezkeen aztertuta adibideen bidez. Hirien ingurumarietako espazioei nortasun propioa emanez erdigune-periferia dualismoa hautsi nahi duten hainbat proiektu aurkeztuko dira.
Maiatzaren 28an, larunbatez, bisitaldi gidatuak egingo dira hiriaren auzo historikotik, hiri parkeetatik eta Vitoria-Gasteizko Eraztun Berdetik.
Jardunaldiekin batera erakusketa bat egingo da Goiuri jauregian. Han, maiatzaren 23tik 27a arte, 'Hiri periferian egindako esku hartzeak' ideia lehiaketara aurkeztutako proposamenak izango ditugu ikusgai. Lehiaketaren irabazleak hilaren 27an (ostirala) jakinaraziko dira, Paisaiaren Jaian, eta uztailean egitekoa den Paisaiaren Hiri Foroko I. lantegian parte hartzeko gonbita jasoko dute. Lantegiaren gaia 'Hiri zidorrak' izango dira.