Loreontzietako lorezaintza lantegietan izena emateko epea ireki da
Hamar urteko esperientziaren ondoren, lantegien edukia apaindurako lorezaintzaren joera aldakorretara moldatuz joan da. Aurten, berriro ere, loreak, lorategiko landare zurkarak eta landare erabilgarriak landatzen ikasteko aukera interesgarri hau antolatu da.
Lantegiak Olarizuko baratzeetan egingo dira, nahiz eta saioren bat edo beste Olarizuko etxaldean egin daitekeen, eguraldiaren arabera. Ordutegiak eta egunak ondoko hauek dira: astelehen eta asteazkenetan, 11:00etatik 12:30era edo 16:00etatik 17:30era.
Lehen lantegia urriaren 8a eta abenduaren 17a artean egingo da eta terraza eta balkoietako loreontzietarako neguko loreen (idi-bihotzak, lilipak, hiazintoak, udaberri-loreak, pentsamenduak, etab.) landaketa erakutsiko da.
Izena emateko epea irailaren 23tik urriaren 3ra izango da. Olarizuko etxaldean eman behar da izena.