Landareen Kontserbazio Biologiaren Espainiar Elkartearen VII. Biltzarra
2015ean Landareen Kontserbazio Biologiaren Espainiar Elkartearen VII. Biltzarra egingo da Gasteizen. Maila guztietako administrazioetako teknikariek hartuko dute parte, bai eta unibertsitateko eta ikerketa zentroetako ikertzaileek ere, eta garrantzi bereziko mugarria izango da Olarizuko lorategi botanikoaren ibilbidean, Olarizu Iberiar penintsulako landare mehatxatuen kontserbaziorako erreferentzia zentro bihurtzeko urratsa izatea espero baita.
Jardunaldien azken egunean egingo den ibilbidean Olarizuko lorategi botanikoa ezagutzeko ibilbide gidatua egingo dute parte hartzaileek, eta Olarizuko zelaietan bizi diren bi espezie mehatxatuen populazioak bisitatuko dira. Duela 30 urte desagertutzat eman ziren espezie horiek Gasteizen, eta orain dela gutxi oraindik bertan bizi direla aurkitu da. Bestalde, Olarizuko germoplasma bankuaren instalazioak ikusiko dira, biltzarrean parte hartzen dutenek hango lana bertatik bertara ezagutu dezaten.
Biltzarra izango denerako espero da lorategi botanikoko erakusketa iraunkorra prest egotea Olarizuko etxaldeko erakusketa gelan. Bestalde, egun horietarako ere instalatuta egongo dira lorategi botanikoko hirugarren interpretazio mailaren panelak.
Biltzarra irailaren 30ean eta urriaren 1 eta 2an egingo da Eusko Jaurlaritzaren egoitzan (Lakuan).