Koroatzearen auzoko SmartEnCity proiektuak beste aurrerapauso bat emango du berokuntza-sarea zehaztuta
Gasteizko Koroatzearen auzoa birgaitu eta biziberritzeko SmartEnCity proiektuak aurrera darrai. Urtebetez teknikariek eta erakundeen artean lan gogorra egin ondoren, Gasteizko Udalak, Visesak -Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Politika eta Etxebizitza Saileko Etxebizitza Sailburuordetzaren mendeko sozietate publikoa eta proiektua kudeatzeaz arduratzen dena-, Energiaren Euskal Erakundeak, Giroak eta Errotazaharra auzo elkarteak ekimenari buruzko xehetasun berriak aurkeztu dituzte. Gasteizek Tartu eta Sonderborg hiriekin batera hartzen du parte europar plan horretan, zeinaren helburua baita herritarren bizi-kalitatea hobetzea, energia-eraginkortasuna, mugikortasun iraunkorra eta IKTak barne hartzen dituzten irtenbide integratu eta orekatuak garatuz eta hedatuz. Gasteizko alkate Gorka Urtaran, VISESAko zuzendari nagusi Carlos Quindós, EEEko zuzendari nagusi Iñigo Ansola, Giroa-Veoliako zuzendari nagusi Juan Manuel Taracena, eta Errotazaharra auzo elkarteko ordezkari César Caño arduratu dira informazioa eskaintzeaz Gasteizko udaletxean egindako prentsaurrekoan.
Gasteizko alkate Gorka Urtaranek azaldu duenez, proiektua “oso konplexua da, froga xedea duena, Europa mailan estrategia bat garatzeko asmoa baitu, eta bost urte iraungo du“. Alkateak aipatu duen konplexutasun hori dela kausa, azken hilabeteetan lan handia egin behar izan dute teknikariek eta erakundeen artean proiektua garatu eta zehazteko. “Orain badugu Koroatzeko auzokoek eskatu diguten informazio guztia. Eta haiei helarazteko garaia heldu da, Europar Erkidegoak epe batzuk ezarri baitizkigu, eta guztion artean iritsi behar baitugu atalase horietara. Nolanahi ere, agente lokalek bere egiten badute bakarrik izango du zentzua Koroatze auzoaren aldeko apustuak, auzoan bizi diren eta lan egiten duten pertsona eta kolektiboek bere egiten badute. Hori dela eta, herritarrak esperientzia hau partekatzera animatu nahi nituzke, eta auzo horretako biztanleen bizi-kalitatea hobetzen elkarrekin lan egitera“.
Azken hilabeteetan Udalak ebatzi dituen alderdietako batzuk azaldu ditu alkateak, besteak beste: auzoaren Plan Berezia onestea, aurreikusitako jarduketen hirigintza antolamendua arautzeko; Udalak berme-funtsera egin beharreko ekarpena; parte-hartzeko prozesua, Koroatzeko auzokoek Udalak espazio publikoaren alorrean aurreikusitako jardueren artean lehentasunak ezar zitzaten. Udalak aurreikusi du bi milioi euro bideratzea esku-hartze horietara, proiekturako aparteko ekarpen gisa.
Visesako zuzendari nagusi Carlos Quindósek azaldu duenez, Europako Batzordeak “ezinbestean bete beharreko epeak jarri ditu laguntzak eskuratzeko. Eraikinek 2019rako egon behar dute birgaituta, beraz, auzokoek azaroaren 30erako erabaki beharko dute proiektuarekin bat egin nahi duten. Gainera, berokuntza-sarearen azpiegitura osoa bideragarria izan dadin proiektuari atxikitzen zaizkion auzokoen atalase bat behar da. Atalasea 750 etxebizitza da“. Auzoaren sostengua lortzeko funtsezkotzat jotzen da herritarrek informazio zehatza jasotzea.
Eusko Jaurlaritzak eta Gasteizko Udalak erabaki dute proiekturako dauden europar, eskualde eta tokiko laguntzen laguntza osagarriak sortzea, diru-sarrera mugatuak eta finantzaketa lortzeko zailtasunak dituzten pertsonek jardueran parte hartzerik izan dezaten. Laguntza horiei esker, birgaitzeko jardueran diruz laguntzen ez diren kostuen ehuneko bati aurre egin ahal izango diote etxebizitzen jabeek; diru-laguntzarik ez duten kostuen % 25 eta % 85 artekoa izango da laguntza, bizikidetza unitatearen diru-sarreren arabera.
Berme funtsaz gain, laguntza publikoek estaltzen ez duten proiektuaren zatia finantzatzeko beste tresna bat egokitu da: Kutxabank, Laboral Kutxa, Bankoa eta Rural Kutxa atxiki zaizkio VISESAk sustatutako finantza-hitzarmena. Hitzarmen horretan oso baldintza finantzario interesgarriak arautzen dira banakoek zein etxejabeen erkidegoek 8 eta 12 urte bitarteko epemuga duten maileguak lortzerik izan dezaten, beren finantza ahalmenarekin bat datozen hileko kuotak eskainita.
EEEko zuzendari nagusi Iñigo Ansolak gaineratu duenez, “proiektu honek bultzada handia emango dio Araban biomasa baliatzen duen energia berriztagarriari. Gainera, hiriko berokuntza-sare baten bidez egingo da, zeina Europan oso zabalduta dagoen kontzeptua baita, eta energia hori erabiltzeko modu eraginkorrenetako bat. Gure ustez, Koroatzeak osagai guztiak ditu erakundeok esku har dezagun, ekitaldi honetan ikus dezakezuen bezala. Auzoko bizilagunak ere proiektuaren protagonista sentitzea nahiko genuke, energia garbia eraginkortasunez, lehiakortasunez eta berme guztiekin erabiltzea baita helburua. Eta ez dago zalantzarik biomasak eskaintzen dituen aukeren aurrean Araba erreferentea dela aprobetxamenduan eta garapen energetiko iraunkorraren alorrean. Oro har, biomasaren bidez beroa sortzeko 1.000 instalaziotik gora jarri dira martxan Araban, etxebizitzetan zein industrian, lehen sektorean eta zerbitzuetan. Orotara ia 30 megawatt daude instalatuta. Euskadiko mendietan biomasa aprobetxatzeko aukera handia dugu, lehen aipatu dizuedan % 57tik hemen kontsumitzen den energia berriztagarriaren % 72ra irits baitaiteke. Gure aldetik, Koroatzeko auzoko guztiei dei egiten diegu informazio-saioetara etor daitezen eta auzorako etorkizun handi baten alde apustu egin dezaten“.
Biomasa auzoan beroa sortzeko
Giroa-Veoliako kide Juan Manuel Taracenak azaldu duenaren arabera, “berokuntza-sarearen edo District Heating sistemaren bidez, beroa modu zentralizatuan sortu eta banatzen zaie sareari konektatutako erabiltzaileei, baina bizilagun bakoitzak bere kabuz erabiltzen du berokuntza. Beroa Aldabeko gizarte etxearen ondoko zentral berrian sortuko da, eta eraikin bakoitzaren azpizentraleraino lurpetik doazen hodietan barrena banatuko da (berokuntza zentrala duten eraikinetan orain duten galdara-gela erabiliko da). Banakako galdara duten etxebizitzetan, horien ordez berokuntzaz eta ur beroaz hornitzeko armairua jarriko da, eta horrek banakako kontagailua izango du. Eraikina sarera konektatzen denean, ez da galdararik edo erregai sukoirik (gasa edo gasolioa) eduki beharko, eta desagertu egingo da instalazio zentralizatuak (galdara-gelan) edo etxeetakoak (banakako galdarak) izateak dakarren arriskua. Orobat, galdarek hartzen duten espazioak libre geratuko dira, azpizentralak askoz sinpleagoak baitira. Bertako jatorria duen biomasaren prezioaren aldakortasuna erregai fosilena baino txikiagoa da; horri esker, eta fatxaden isolamendu hobeari esker, berokuntzaren eta ur beroaren fakturan % 20ko aurrezpen ekonomikoa lortzen da“.
Taracenak argitu duenez, Koroatzearen auzorako proiektatu den ereduak Europak agindutako iraunkortasun printzipioak betetzen ditu, zeinak Eusko Jaurlaritzaren Garapen Ekonomikoaren eta Iraunkortasunaren Sailaren 178/2015 Dekretuak bermatzen baititu. Dekretuak ezartzen duenez, sektore publikoan kontsumoa % 12 gutxitu behar da 2020rako, eta % 25, 2025erako. Orobat, energia berriztagarriak baliatzen dituzten eraikinen portzentajeak % 32koa izan behar du 2020rako, eta % 40koa 2025erako, aprobetxamendu termikoko sistemak zein elektrizitatea sortzekoak izan daitezkeelarik. “Koroatzearen auzoan jartzekoa den instalazioak nabarmen gainditzen ditu Eusko Jaurlaritzaren dekretuan zehaztutako helburuak energia eraginkortasunari dagokionez“, esan du.
Gehien bat basoetatik lortutako biomasa izango da erregaia, baso garbiketatik eta energia lortzeko landaketetatik lortutakoa zehazki. Erregai ekologikoa da, berriztagarritzat jotakoa, eta energia fosilen ordez erabiltzen denez CO2 emisioak murrizten ditu. Gure inguruan biomasa soberakin handia dugu, eta horrek kanpoko energiarekiko menpekotasuna gutxitzea eta energia tradizionaletan maiz gertatzen den prezio aldakortasuna saihestea ahalbidetuko du. Gas naturaleko ekipoak ere izango ditu sareak, malgutasun handiagoa izateko eta bero iturri ezberdinak erabiliz zerbitzua bermatzeko. Auzoko bakoitzak berokuntzaren banakako erabilera izango du, hau da, beroa modu zentralizatuan sortu arren, auzokoek ez dute berokuntzaz baliatzea mugatzen duten ordutegi zehatzen mende egon beharko, bakoitzak egokien deritzon moduan kudeatuko baititu berokuntza zein ur bero sanitarioa. Banakako kontsumoak ikusteko plataforma bat izango da, eta berokuntzaren eta ur beroaren kostu metatua ikuskatu ahalko dute une oro. Zerbitzua bi zatitan fakturatuko da: zati bat finkoa izango da, eta bestea aldakorra, benetako kontsumoaren arabera. Hartara, erabiltzaile bakoitzak bere kabuz kudeatuko du zerbitzua, bai eta kostua ere.
Proiektu aitzindaria Europan
SmartEnCity europar proposamenaren barruko proiektua da hau, zeinaren helburua baita CO2rik gabeko hiri adimentsuak sortzeko estrategia komuna diseinatzea, eta joan den 2015eko maiatzaren 5ean Horizontea 2020 I+G+Bko programaren barruko “Hiri eta komunitate adimentsuak” europar diru-laguntza deialdira aurkeztu zen. Orotara 200 hirik eta 1000 entitatek baino gehiagok 42 proiektu aurkeztu zituzten, eta Koroatzekoa izan zen aukeratutako lauetako bat, ekintza hauek garatzeko:
- Oinarrizko birgaikuntza energetikoa: 750 eta 1.313 etxebizitza bitartean modernizatzea, energiaren ikuspuntutik eraginkorrak bihurtzeko (eraikinen inguratzailearen birgaikuntza energetikoa).
- Berokuntza sarea: % 100 berriztagarria den biomasa baliatzen duen hiri berokuntza-sistema instalatzea, eskaera termikoaren % 100 betetzen duena: berokuntza eta ur bero sanitarioa, gutxienez 750 etxebizitzatan.
- Azpiegitura elektriko eta termiko integratuak: froga egiten den lekuan zabaltzen den hiri berokuntzaren kudeaketa elektrizitate-kontsumoen kudeaketarekin integratzea.
- Mugikortasun iraunkorra: Gasteizko ibilgailuen parkean teknologia garbiak sartzea, helburu hori lortzeko tresna nagusitzat ibilgailu hibridoak eta elektrikoak baliatuz.
- IKTak: Gasteizerako Hiri Kudeaketako Sistema (SGU-VG) hedatzea, hiri informazioko plataforma irekiaren (CIOP) definizio komunean oinarritutakoa.
- Hiri espazioa biziberritzea: kaleak eta plazak berritzea, auzoa erakargarriagoa izan dadin.
Europako Batzordeak, Sareak Berritzeko Agentzia Exekutiboaren (INEA) bidez, 27,9 milioi euroz finantzatuko du SmartEnCity proiektua, Tartu, Sonderborg eta Gasteiz hirietan garatu eta ezartzearren; Koroatzeko jarduerari 10,9 miloi euro esleitu zaizkio.Gasteizko proiektuaren aurrekontua 29,6 milioikoa da. Europako diru-laguntzaren kargura gehienez 750 etxibizitza birgaitu ahalko dira, eta bero-sarea eraiki. Eusko Jaurlaritzak, Visesa eta Gasteizko Udalaren bidez, diru-laguntza osatuko du eta behar den kopurua jarriko du 1.313 etxebizitza energetikoki birgaitu ahal izateko.
Proiektua gauzatzeko epe hauek ezarri dira:
- 2016-2017 urteak: aurreproiektuak, erkidegoekiko akordioak, proiektuak, lehiaketak.
- 2018 eta 2019: lanak gauzatzea.
- 2020 eta 2012: emaitzak monitorizatzea eta zabaltzea.