Kanpotik berde, barrutik ere'
Patxi Lazcoz alkateak ingurumenarekin lotutako sentsibilizatze eta kontzientziatze kanpaina aurkeztu du, herritarren ohiturak hobetzeko helburua duena.
"Kanpotik berde, barrutik ere" lema izango da kanpainaren ardatz nagusia. Euskadiko hiriburuak iraunkortasunaren alde egindako apustuaren benekotasuna eta sinesgarritasuna islatu nahi dira horren bitartez.
- "Kanpotik berde": 2 milioi metro koadro baino gehiago berdeguneetan, hiria inguratzen duen eraztun berdea, urez hornitzeko Europako sare eraginkorrenetako bat.
- "Barrutik ere": herritar bakoitzaren inplikazioa eta konpromisoa bere ohiturak hobetu eta hiria berde izan dadin laguntzeko: hondakinak birziklatzen dituenean, garraio publikoa erabiltzen duenean, ura edo energia aurrezten dituenean.
Kanpaina abiarazteko mikrowebgune bat sortu da, parte hartze birtualerako gune bat, herritarrek Vitoria-Gasteiz barrutik berde izan dadin egiten dutena konta dezaten. Bideoak eta argazkiak deskargatu ahalko dituzte, eta iradokizunak eta beste herritar batzuekin esperientziak partekatu.
Dagoeneko zenbait pertsona ezagunek azaldu dute hiria berde egiteko duten modu berezia, esaterako Manel Comas Baskonia taldearen entrenatzaile ohiak, Estíbaliz Ruíz de Azua kazetariak, Eneko Pou eskalatzaileak, Unai Fernández de Retana sukaldariak, bai eta beste herritar batzuek ere, hala nola Eduardo Ochoa de Aspuru Jesuitetako irakasleak edo Ceferino Moreno enpresaburuak.
Hirian barrena uztailean eta irailean jarriko den stand berezian ere azaldu ahalko dute herritarrek nola bihurtzen duten hiria berde barrutik.
Eguerdian egindako aurkezpenean, Patxi Lazcoz alkateak bereziki eskertu die bertan agertu izana kanpainian parte hartu duten herritarrei zein Udalbatzako ordezkariei. Alkatearen ustez, Europako Hiriburu Berderako finalista izatea eta talde horretan Bartzelona, Malmoe, Reykjavik, Nantes edo Nurembergekin batera egotea arrakasta handia da berez, baina herritar guztien parte hartzeak funtsezko balio erantsia eman diezaioke hiriari izendapen hori lortzeko.