Jundizko muinoaren ibilbide turistiko berria sortu da, muinoaren historia eta paisaia balioak batzen dituena
Gasteizko Turismo Zerbitzuak, Nekazaritza Eremuaren eta Mendien Zerbitzuarekiko lankidetzan, inguru horretako baliabideak deskribatzen dituen liburuxka bat argitaratu du; sarbideen eta ibilbidearen planoak ere barne hartzen ditu lanak. Gune hori hainbat arrazoirengatik da garrantzitsua: paisaiarengatik, bertan izandako gertakari historikoengatik, eta konektore ekologiko gisa. Izan ere, ibilbide hori kulturarekin eta ingurumenarekin lotutako turismoaren eredu bihurtu nahi da, eta horregatik liburuxka berezi bat eta ibilbide autogidatua prestatu dira, eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak ibilbide naturalistikoa antolatu du datorren uztailaren 4rako.
Liburuxka berria eta ibilbidea
Jundizko muinoaren ibilbidea ezagutarazteko liburuxka bat argitaratu da euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez, eta Turismo Bulegoan, gizarte etxeetan zein Atarian banatuko da. Liburuxkan gunearekin lotutako ingurumen alderdiak jasotzen dira, eta bi plano agertzen dira: batean, erdigunetik Jundizera bizikletaz eta autobusez joateko modua azaltzen da; bestean, muinoan jarritako begiratokietarako proposatzen den ibilbidea.
Udal sailen arteko lankidetzaren beste adibide bat da jarduera hau, ibilbide natural bat turismorako baliatu baita, hau da, hirian baliabide turistikoa berria sortzeko.
Oinez bi lekutatik sar daiteke: Ariniztik edo Margaritatik. Inglesmendi izeneko tontorraren inguruan ibilbide zirkularra osatu da, eta bertan bost begiratoki tematiko topa daitezke, alderdi hauei buruzko azalpenekin:
- Flora
- Geologia
- Fauna
- Historia
- Gasteizko Bataila
Ibilbidearen luzapen batek Jundiz gainera igotzeko aukera ematen du, non Gasteizko Batailari buruzko azalpenak dituen mahai bat baita. 1813ko ekainean Gasteizko Batailaren agertokia izateaz gain, Jundizko muinoan beste gertakari historiko bat izan zen: Inglesmendiko (edo Arinizko) borroka, 1367ko martxoan, Enrique de Trastamararen eta Galesko printzearen osteen artean. Bi bataila horiei buruzko paneletan Jundizko muinoak jokatu zuen paper estrategikoa azaltzen da.
Gainera, Gasteizko Batailarekin lotutako ibilbide berri hau sortu delarik beste baliabide bat gehitzen zaio Hiri Napoleonikoen Europar Sareari. Gasteizko Turismo Zerbitzuak batailaren bigarren mendeurrenaren inguruan lanean aritu diren taldeei ibilbidean esku hartzeko aukera eman nahi die.
Uztailaren 4an, muinoa ezagutzeko bisita
Atariaren bidez, CEAk ibilbide naturalistikoa antolatu du datorren uztailaren 4rako, Jundizko muinoan adituak direnen eskutik ikuspegi zoragarriez gozatzeko eta lekuaren ezaugarrien berri ikasteko. Bisita 09:30ean hasi eta 12:30ean bukatuko da. Margarita herriko elizaren ondoan jarri da topagunea, eta udalaren web-orrian eman daiteke izena.
Aurrera begira, Jundizko muinoarekin batera Zadorrako bide berdea sustatu nahi da, ibaiaren ibilguari jarraituz hiria Krispiña, Margarita eta Tresponde herriekin eta Badaiako Santa Katalina Lorategi Botanikoarekin lotzeko. Oraingoz aurreproiektu fasean dagoen bide berde horrek Jundizko muinora hurbiltzeko ere balioko du, Margaritan barrena.