Jasangarritasuneko adierazle europearren proiektu pilotuko emaitzen aurkezpena
Urtarrilaren 10ean, Gasteizko alkate Alfonso Alonsok, hiriko lehenengo alkateorde Antonio Pizarrorekin eta Europako proiektu hori koordinatzen duen taldeko italiar aditua den Giulia Ferrarirekin batera, jendaurrean azaldu zituen proiektu horrek ezarri dituen iraungarritasuneko Europako 10 adierazle komunen datuen lehenengo seriearen emaitzak.
Oraindik ere proiektu esperimentala eta borondatezkoa da, Europako Batzordeak sustatua, eta Europako hiri guztietarako neurketa era bat zehaztea du helburu. Nolanahi ere, dagoeneko Europako 25 hirik (proiektuan parte hartu duten 99 hirien artetik) eman dituzte lehenengo zifrak.
Hiri horietako bat dugu Gasteiz, bai eta Bartzelona, Oslo, Stockholm, Ferrara, Bizkaia, Birmingham, Tampere... ere. Ildo horretan, Gasteizek emandako datuetatik, oraindik metodologiako fintzea falta bada ere, ondorio interesgarriak atera ditzakegu hiriko ereduaren eta gure hiriaren iraungarritasun baldintzen arteko loturari buruz. Hartara, konparazioak eginez, zenbait alderdi on ageri dira, hala nola irisgarritasuna, herritarrek bizi kalitatea nola hautematen duten, airearen kalitatea, eta abar; baina, bestetik, joera kezkagarriak ere nabari dira, hiriak klima aldaketarako egiten duen ekarpenari edo garraio publikoaren erabilera urriari dagokienez, besteak beste.