Jardueren Gaineko Ingurumen Kontroleko Prozedurei buruzko Gida Praktikoa
Indarrean dagoen legediak argiro ezartzen ditu ingurumen baliabideak babesteko aplikatu behar diren prozedura eta tresnak. Udal esparruan, ingurumenean eragina duten jardueren ingurumen baimentze eta kontrolerako prozedura nagusiak ondokoak dira: Jarduera Sailkatuetarako aplikagarri dena; ingurumen inpaktu handia aurreikusten den jarduera kasuetan aurrekoari eransten zaion Ingurumenaren gaineko Eraginaren Balioztapena (Azterketa); eta ingurumenean eragin txikia izan ohi duten jarduerei, Jarduera Salbuetsiei alegia, aplikagarri zaiena.
Prozedura hauek aurrera eramateko hainbat administrazio eta dokumentu izapide nahiz betebehar egin behar dira, bai eta legezko beste betekizun batzuk ere. Kontu honetan jardueren sustatzaileek zeregin garrantzitsua dute, eta horren ondorioz gai honen inguruko gero eta jarraibide praktiko eta aholku gehiago eskatzen diete Administrazioei.
Arauak behar bezala bete ahal izateko beharrezkoa da ongi ulertzen dela ziurtatzea. Asmo horrekin argitaratu du Gasteizko Udalak eskuliburu hau. Honen bitartez, Udalak sustatzaileari aholku ematen dio, Udalaren jarduera eremuan baimendu beharreko jarduerek ingurumenaren gainean duten eragina behar bezala kontrolatzeko izapideak nola bete behar dituen jakin dezan.
Liburu hau batez ere dokumentu praktikoa izan dadin saiatu gara. Gasteizko udalerrian ezarriko diren eta Udalak baimendu beharrekoak diren jardueren sustatzaileentzat egin dugu nagusiki. Eskuliburu edo gida den aldetik, oinarrizko helburu gisa gai hau erraz ulertzeko moduan azaldu eta ezagutaraztea izan du, batez ere kasu bakoitzean eta jarduera mota bakoitzerako aplikatu beharreko ingurumen kontroleko prozedurak aurrera eramateko zein diren egin beharreko izapide eta betebehar nagusiak.