Itziar de Domingo Garcíak irabazi du 'Visonarte' eskultura lehiaketa
Itziar de Domingo Garcíak, Jonathan Rubines Garcíak eta Josu Gorospe Arocenak irabazi dute eskulturak apaintzeko “Visonarte” lehiaketa, zeina Gasteizko Udaleko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak, Arabako Foru Aldundiak eta Caype bulegoko materialeko dendak antolatu baitute. Lehiaketaren helburua zen gizarte zibila bisoi europarrak dituen arazoez kontzientziatu eta sentsibilizatzea, munduko ugaztun haragijaleen artean galtzeko arrisku handiena dutenetako bat baita.
Guztira 28 lan aurkeztu ziren lehiaketara, “erakargarritasun bisual eta artistiko handikoak”, epaimahaiaren arabera. Gasteizko Arte Ederretako eskolako ikasleek egin zituzten benetako neurriko kopiak, “errealismo handikoak”. Ur-pintura izan da teknika erabiliena, baina kakorratz-lanez, Marilynen antzera edo kamuflajez jantzitakorik ere izan da.
Itziar de Domingo Garcíaren ‘Itziar’ eskultura akrilikoz margotuta dago, hainbat tonutako horiz eta laranjaz. Bigarren saria Jonathan Rubinesen ‘Muestela lutreopanda’ lanak eskuratu du; panda hartzaren mozorroa daraman bisoi europarra da, desagertzeko arriskuan dauden espezie ezagunen eta ezezagunen arteko bikoiztasuna irudikatuz. Hirugarren saria Josu Gorosperentzat izan da, ‘Econature’ lanarengatik: zuhaitzen hostoz egindako kamuflajea darama eskulturak. Irabazleek Caype dendan marrazketa eta pintura materiala erosteko txartel bana jasoko dute, 300, 200 eta 100 eurokoak, hurrenez hurren.
Aurkeztutako 28 piezak Salburuko hezeguneak interpretatzeko Ataria zentroan erakutsiko dira, 2018ko martxoan.