IRRIGESTLIFE proiektuaren behin-betiko lehen datuek ur aurrezpen esanguratsua erakusten dute parke eta lorategien ureztatzean
CEAren eta Udaleko Ingurumen eta Osasun Publikoaren Sailaren parte hartzea duen IRRIGESTLIFE proiektua 2012an hasi zen eta 2015eko abenduan amaituko da. Europar Batasunaren dirulaguntza du LIFE programaren barruan eta Vitoria-Gasteizek natur baliabideak modu jasangarri eta eraginkorrean erabiltzeko duen konpromiskoaren baitan kokaturik dago.
2014. eta 2015. urteetan proiektuan diseinatutako sistemaren prototipoak instalatu ziren. GestDropper deitu den sistemak 100 programatzaileen sare bat osatzen du eta guztira 700.000 metro koadro ureztatzen ditu (hiriaren ureztatze automatikoaren % 30a). Sentsoreen bidez GestDropperrek tenperatura, haizea, prezipitazioa eta beste zenbait aldagai neurtzen ditu, eta datu horietatik abiatuz, denbora errealean eta modu automatikoan ihinztagailu, barreilagailu edo tantakako ureztatze puntu bakoitzari hornitzen zaion ur bolumena erregulatzen du. Hortaz, gure hiriko parte eta lorategietako ur kontsumoa toki bakoitzaren baldintza meteorologikoetara moldatzen da (esaterako, ureztatzea alferrikako egiten duten bapateko euriteak edo haize boladak), uraren kudeaketa optimoa ahalbidetuz.
2015. urteko ureztatze sasoiak (ekainetik irailera) behin-betiko landa lana suposatuko du. Lehen emaitzek erakutsi dute uraren kontsumoa % 15 inguru murriztu dela. Balio hori kalkulatzeko, aurretik zegoen gastu teorikoa kalkulatu da (inguruko hiri gehienek duten bera, tokiko baldintza meteorologikoak kontuan ez dituena) eta ondoren GestDropper sistema berriak duen benetako kontsumoarekin alderatu da.
Lehen emaitza horiek ekainekoak eta uztailekoak dira soilik, baina ureztatze sasoi osorako baliagarriak direla espero dugu. Behin-betiko emaitzak udazkenean eskuratuko dira, proiektua ixten denerako.
GestDropperrek osatu duen hardware eta software konbinazioa, lizentzia librez garatu dena, erraz aplikatu ahal izango da beste hiri batzuetan. Ureztatze sistema adimentsu honen emaitza onei batu behar zaie Gasteizko etxeko ur kontsumoan ere aurrezpen esanguratsua gertatzen ari dela azken urteetan Futura Plana garatzen hasi zenetik, eta 2014. urtean etxeko kontsumoaren minimo historikoa izan genuela (106,6 litro biztanle eta eguneko).