Iraunkortasunaren lasterketa: auto partikularra, taxia, bizikleta eta garraio publikoa alderatu ditugu
Lasterketan parte hartu zuten garriobideak taxia, auto partikularra, bizikleta eta garraio publikoa (autobusa eta tranbia) izan ziren. Lau pertsona hautatu ziren, bakoitzak garraiobide bat erabil zezan, eta hirian barrena eguneroko zereginak egiten bidaia zezaten eskatu zitzaien. Donostia-San Sebastián kaletik abiatuta, hasteko Santa Barbarako Azokara joan behar izan zuten arruntak diren zenbait produktu erostera; ondoren Txagorritxuko ospitalera abiatu ziren eta arreta medikoa eskatu behar izan zuten; eta azkenik Lakua merkataritza zentrora joan ziren, bidaia bertan bukatzeko.
Garraiobide bakoitzak puntu bakoitzeraino iristen behar izan zuen denbora neurtu zen, bai eta bidaia osoaren kostua eurotan, kontsumitutako energia eta atmosferara igorritako CO2a.
Emaitzak hurrengo grafikoetan ikus daitezke.
Ikus daitekeenez, modurik azkarrena taxia izan zen, garraio mota hori erabili zuen lagunak 40 minutu inguru behar izan baitzituen ibilaldi osoa gauzatzeko. Bizikletak, berriz, zirkulazio arau guztiak beteta, 10 minutu gehiago behar izan zituen. Garraio publikoak ere bizikletaren pareko denbora erabili zuen, eta auto partikularra azken postuan geratu zen, batez ere autoarentzako aparkalekua bilatzeko behar izan zuen denboragatik.
Kostu ekonomikoari dagokionez, taxi bidaiaria izan zen diru gehien gastatu zuena, guztira 20,65 euro. Beste muturrean, bizikletak ez zuen gasturik eragin. Auto partikularrean egindako bidaiak 5,90 euroko kostua izan zuen, aparkatzeko behar izan zuen dirua barne, eta garraio publikoan ibili zenak autoan ibili zenak gastatutakoaren herena behar izan zuen.
Azkenik, energia gastuari dagokionez, auto partikularrak eta taxiak antzeko kontsumoa izan zuten (desberdintasuna autoak aparkatzeko beharragatik egin behar izan zituen kilometroak dira). Garraio publikoaren erabiltzaileak aurreko 2 moduek baino hamar aldiz gutxiago kontsumitu zuen, eta bizikletak ez zuen kanpoko energiarik behar izan ibilaldia osatzeko.