Irailean Mugikortasun Iraunkorraren Astea egin zen Vitoria-Gasteizen
Irailaren 16tik 22ra Mugikortasun Iraunkorraren Europar Astearen hamaikagarren edizioa egin zen Vitoria-Gasteizen. Ekimen hau Europar Batzordeak sustaturikoa da, eta bere xedea da mugikortasun eraginkorrago eta arrazionalagoaren bidea sustatzeko hainbat hiritan sortzen ari diren politikak eta proiektuak ikusgarriago egitea. 2012ko Mugikortasun Iraunkorraren Astearen leloa "Norabide egokian goaz" izan da, Europako hiri askotan bultzatzen ari diren Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Planak gogora ekarriz.
Vitoria-Gasteizen aurtengo jarduera egitarauaren helburua izan da hiriak mugikortasunaren alorrean eta espazio publikoa mugikortasuna ez den beste funtzio batzuetarako berreskuratzearen alorrean egin dituen aurrerapenak ezagutzera ematea eta haiei balioa ematea, herritarrei Mugikortasun Planean aurreikusita dauden neurriak ezagutaraztea, eta herritarren artean automobil pribatuaren mendekoak ez diren bizi estiloak posible egingo dituen hiri eredu baten aldeko iritzia sustatzea.
Hiriko bost puntutan egin ziren kaleko marketin ekintzen bidez Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planaren lerro nagusiak aurkeztu ziren: espazio publikoa, garraio publikoa, oinezkoen mugikortasuna, bizikleta eta garraio modu guztien elkarbizitza.
Urkide ikastetxearen laguntzarekin oinezko eta bizikleta bidezko ibilbide seguruak antolatu ziren, ikasleak garraio modu horietan joan zitezen eskolaraino. Era berean, adinekoentzako oinezko ibilbide seguruak antolatu ziren, hirian oinez mugitzeko dituzten aukerak hobeto ezagutu ditzaten.
Beste jarduera batean, oinezkoak, txirrindulariak eta gidariak bildu ziren haien artean egon daitezkeen arazoen inguruan aritzeko, eta arazo horietarako balizko irtenbideak aztertzeko.
Hiri Ekologiaren Gelaren bi saio antolatu ziren, bi hitzaldi. Batean barne errekuntzako ibilgailuek igortzen dituzten partikulak kontrolatzeko sistema bat aurkeztu zen, eta bestean Vitoria-Gasteizen bizikleta eguneroko joan-etorriak egiteko zergatik aukeratzen den (ala ez) aztertzen ari den TRANSBICI proiektua aurkeztu zen.
Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoarekin lankidetzan, V. Olagibel Martxa antolatu zen, herritarrek bizikleta batera igota hirian barrena ibilbide bat egin zezaten hirian mugikortasun iraunkorraren esparruan egin diren aldaketak ezagutzeko.
"Hiria nire autoa gabe" egunean hainbat jarduera egin ziren San Antonio kalean zirkulazioa lasaitu behar dela aldarrikatzeko eta espazio publikoaren kalitatearen hobekuntza eskatzeko. San Antonio kalea okupatu zen eta Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planaren irizpideak jarraituz erreformatua izan ondoren izango duen itxura eman zitzaion kaleari.
Mugikortasunaren Europar Astea baliatuz, Europako Legebiltzarrak eta Batzordeak bizikletaren kulturaren inguruko jardunaldi bat sustatu zuten Antso Jakituna kalean, CEArekin lankidetzan. Erakunde horiek Espainian dituzten ordezkariak etorri ziren Gasteizera, eta gure hiria European Green Capital 2012 izateagatik erabaki zuten ekintza hau Gasteizen egitea.
Argazkiak:
http://www.flickr.com/photos/parlamento_europeo_madrid/sets/72157631681739472/