Ingurumen kartografia: Hegazti atlasa
1991. urtetik 1993.era CEAk ikerketa bat egin zuen garai hartan Vitoria-Gasteizko udalean ugaltzen ziren hegazti espezieak aztertzeko. Hartara, lurraldea 1 km-ko ertza zuten 303 laukitxoen sare batez banatu zuen nazioarteko UTM kartografia mota jarraituz. Ondoren, laukitxoak in situ aztertu ziren bakoitzean zeuden hegazti habiagile gehienak edo guztiak aurkitzeko. Lan honeran erabili zen lan metodologia Europa mailan (European Ornithological Atlas Comitee-k) ikerketa hauetarako onartutakoa izan zen.
Ikerketa honek bilatzen zuen helburua espezie bakoitzak udalerrian zuen banaketa ahalik eta erarik zehatzenean ezagutzea eta beren habitat lehentasunak finkatzea zen. Era berean, hegaztiek bioadierazle gisa duten balioa kontuan hartuz, udalerri mailan babeserako interes berezia zuten espazioak mugatzera zuzenduriko informazio eguneratua eskuratu nahi izan zen.
1993. urtetik aurrera ez da Atlasaren berrikuspen orokorrik bultzatu, baina mailakako eguneratze baten bidez lurraldean ezarri diren espezierik nabarmenenak erantsi zaizkio. Deigarria da batez ere Salburuko hezeguneen leheneratzeak suposatu duen aldaketa: orain arte udalerri mailan ezezagunak ziren hegazti akuatiko habiagile zenbaiten populazio desberdinak sendotu dira.
Egun (2001eko udaberria), Vitoria-Gasteizko udalean gutxienez 125 hegazti espezie ugaltzen dira, txori txikietatik hasita harrapari handietaraino. Nabarmentzekoa da haietako 39 Euskal Autonomi Erkidego mailan desagertzeko mehatxu larrian daudela. Hortaz, gure lurraldean habia egiten duten hegazti espezieen %30ak beren etorkizuneko biziraupena bermatzeko kontserbazio neurriak behar dituzte.
Hegazti atlasak oinarri zientifiko gisa jokatuko du aurki abian jarri nahi den Bioaniztasunaren Udal Behatokia aurrera ateratzeko. Behatoki honek gure natur ondareak denboran zehar duen kontserbazio egoera aztertzea ahalbidetuko du.