eues

Albistea

Ingurumen Informazioko Sistema: Vitoria-Gasteizko zaraten mapa

Joan den uztailean inguruko zaratari buruzko Europako Arteztarau berria (2002/49/CE) indarrean jarri zen azkenik (DOCE 02/L187/12, 18/7/02). Arteztarau honen lehentasunezko xedea, inguruko zarataren eraginpean egoteak dakartzan eragin kaltegarriak eta ondoeza saihestu, prebenitu edo murriztera zuzendutako ikuspegi komuna ezartzea da. Helburu hau betetzeko, arteztarauak neurri sorta baten mailakako aplikazioa finkatzen du, eta horien artean nabarmentzekoa da inguruko zaratarekiko esposizioak zehaztuko dituzten zarata mapak prestatzeko betebeharra Estatu kideetan arruntak diren ebaluazio metodoak erabiliz, eta hiritarrei inguruko zaratari eta bere eraginei buruzko informazioa ematea.

Vitoria-Gasteizek urteak daramatza bere inguruko zarataren mailak neurtzen, kaleetako zarataren banaketa irudietan jartzen dituzten azterketak eginez. Horrela, mapa hauek zarataren zergatiak ezagutzeko beharrezkoa den informazioa eskaintzen dute eta inguru hiritarreko zarataren alorreko kalitatea hobetzea ahalbidetuko duten kudeaketa ekimenak, zarataren kontrola hiri garapenean integratzen dutenak, garatzeko balio izaten dute.

Gure hirian garatu den mota honetako azken ikerketa, 1999koa, hainbat zarata mapetan laburbiltzen da. Zarata iturri bakoitzeko mapa desberdinak egin dira, nazioartean onarturik dauden kalkulu metodoak erabiliz; horrela, zarata mailak zarata iturri nabarmenen ezaugarriei loturik ageri dira: hiriko zirkulazioa, errepideak, trenbideak eta industriak, eta osagarri gisa, iturri horietan kontuan hartzen ez diren egoera puntualak, hala nola gaueko aisialdi guneak, ezaugarritzen dira.

Hortaz, mapa mota hauek eskura edukitzeak zarata mailak murriztera zuzendutako ekimenak abian jartzea ahalbidetzen du, hala nola zarata gutxi ateratzen duten zoladurak (zoladura drainatzaileak) edo pantaila akustikoak erabiltzea. Aitzitik, agian etorkizunerako interesgarriena, kartografia mota hauetan islatzen diren soinu mailak kontuan hartuko dituen lurralde osoko hiri plangintza egokia sustatzea litzateke.

Arteztarau berriaren planteamenduei kasu eginez, Udaleko Ingurumen Arloak gure hiriko zarata kartografiaren berrikuspen eta eguneratze osoari ekitea aurreikusi du 2003. urterako.

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala