Albistea
Ingurumen Hezkuntzari buruzko VI. Jardunaldi Teknikoen balorazioa
VI. Jardunaldiak Atarian egin ziren ekainaren 7an, Eraztun Berdearen 25. urteurrenaren testuinguruan, eta administrazio publiko eta enpresa ezberdinetatik etorritako 32 profesionalek parte hartu zuten. Jardunaldietako aurkezpenak eta laburpen txiki bat hemen kontsulta daitezke.
Leku ezberdinetan izan diren esperientzia, metodologia eta materialen partekatzeak hausnarketarako bidea ireki zuen, eta ateratako ondorioen artean, hurrengoak nabarmendu daitezke:
- Naturarekin harremana izatea funtsezkoa da giza ongizate eta pertsonen osasunerako. Horregatik, beharrezkoa da hirietan ingurune berdeak izatea, horien erabilera sustatzea eta balioa aintzat hartzea.
- Ingurumen hezkuntzak zeharkako tresna izan behar du eskola curriculumeko irakasgai guztiak osatzeko, eta horretarako, irakasleen inplikazioa eta parte hartzea beharrezkoa da. Lan hori errazteko, egunerokoan eskolan bertan erabili eta integratzeko bestelako material eta baliabideak jar daitezke irakasleen eskura.
- Ikasleentzako ingurumen hezkuntzako programak ez lirateke soilik ingurumen ekipamenduetan gauzatu behar, eskolako gela eta patioetan eta familietan jarraitu beharko lukete.
- Ingurumen hezkuntza eraginkorra izan dadin, haurrek landutakoa barneratu behar dute, haien ikasketen eta esperientzien protagonista izan.