Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren udazkeneko jardueretan izena emateko epea ireki da
Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak (CEA) naturarekin harremanetan udazkenaz gozatzeko hainbat jarduera proposatzen du. Eraztun Berdeko balio naturalak erakustea, horiek ezagutzen hastea edo inguruneaz gozatzea dute helburu ekintza horiek.
Erakusketen artean, azpimarratu beharrekoa da ‘European Wildlife Photographer of the Year’ izenekoa. Azaroaren 28tik urtarrilaren 7ra bitarte, Atariara eramango ditu naturako argazki onenak. Argazki horiek arte bihurtzen dute islatutako espezieen eta habitaten balio dokumentala eta, aldi berean, horiek kontserbatzeko eta babesteko beharraren berri emateko interesa pizten dute.
Antolatutako konferentziei esker, era askotako gaiak ezagutaraziko dira: Euskadiko geodibertsitatea, solstizio-tradizioak, mendiko jardueretarako jardunbide egokiak edo intsektu polinizatzaileentzako lorategien sarea sortzeko ekimena, besteak beste.
Atarian proposatutako tailerretan, gai hauei buruz ikasteko aukera egongo da besteak beste: migrazio-hegaztiak, hegaztien jarraipen-programak, landa-koadernoen prestaketa, naturari buruzko tratatuen historia edo akuarela bidez egindako marrazketa naturalistikoa. Olarizuko Lorategi Botanikoan, berriz, Darío Escriche artista terueldarrak zuhaitz-grabatuari buruzko bi tailer eskainiko ditu. Gainera, gasteiztarrek, landareak erabilita, xaboiak, gominolak eta prestakin medizinalak egiten eta mikrolorategiak sortzen ikasi ahal izango dute.
Ibilbide naturalistikoei dagokienez, marrualdiak entzuteko edo Salburuko hezegunea eta Olarizuko Lorategi Botanikoa ezagutzeko bisitak egongo dira hegaztiak, ugaztunak, udazkeneko koloreak Europako basoetan, perretxikoak eta abarrak ezagutzeko, eta euskara edo ingelesa praktikatzeko edo beste zentzumen batzuk aktibatzeko, besteak beste.
Familien kasuan, natura ezagutzeko eta birziklapena modu ludikoan sustatzeko hainbat jarduera egongo dira.
Bestalde, urriaren 1ean, SEO/BirdLifek Hegaztien Eguna ospatuko du Olarizuko Lorategi Botanikoan. Era berean, azpimarratu beharrekoak dira Txoriaste zinema-zikloa (irailaren 25etik 27ra) eta Elikaduraren XVI. Gizarte Topaketa. Gainera, Olarizuko Lorategi Botanikoan egingo dira P.M. Uribe-Echebarría botanikari arabarraren oroimenez egingo diren P.M. Uribe-Echebarría I. Lorategi Botanikoak.
Agenda osoa CEAren webgunean dago ikusgai. Izen-emateak irailaren 26tik aurrera egin daitezke Udalaren webgunean, 010 zenbakian edo Atarian, eta Udalaren kiroldegietan eta gizarte-etxeetan.