Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak lurralde mailako plangintzarako eta plangintza estrategikorako gaitasuna sendotu nahi duen Ekuadorreko ordezkaritza bati egin dio harrera
Ingurugiro Gaietarako Ikastegia TAIEX europar programako proiektu baten bilerako anfitrioia izan zen pasa den otsailaren 21ean. Proiektu horretan Pichincha probintzian (Ekuador, Quito hiriburua bertan dago) lurralde mailako plangintza eta plangintza estrategikoa egiteko erakundeen gaitasunak sendotu nahi dira.
Bilera Zulueta jauregian (CEAren egoitza) egin dute gaur eta CEAk Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Antolaketa eta Hiri Agenda Zuzendaritzak hala eskatuta hartu du parte proiektuan.
Hitzorduan Pichincha probintziako eta CEAren ia 20 ordezkari bildu dira (Gasteizko Udalekoak, Arabako Foru Aldundikoak eta Eusko Jaurlaritzakoak).
Goizean, hitzaldiak egin dituzte gai hauen inguruan: Gasteizko hiri-azpiegitura berdea, Araba Erdiguneko Lurralde Plan Partziala, Arabako Errepideen Sektoreko Lurralde Plana, Arabako Bizikleta Bideen eta Ibilbide Berdeen Lurralde Plan Sektoriala eta Euskadiko azpiegitura kartografiko espaziala.
Arratsaldean, aldiz, Atariara bisita eta Eraztun Berdean zehar ibilbidea egin dituzte. Horietan, hiriko azpiegitura berdearen ezarpenarekin eta plangintzarekin lotutako hiriaren garapen historikoa eta ingurumen-heziketarako azpiegitura jakin batzuek (Atariak, esate baterako) betetzen duten rola azaldu dituzte CEAko teknikariek.