eues

Albistea

Ingurugiro Gaietarako Ikastegia eta Neiker elkarlanean arituko dira I+G proiektuak garatzeko

Gasteizko Udaleko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak eta Neikerrek (Nekazal Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak) lankidetzarako esparru-akordioa sinatu dute gaur goizean, nekazaritzako elikaduraren eta ingurumenaren sektoreak sustatzeko I+G proiektuak garatzeko.

Akordioaren arabera, bi erakundeek alor hauetako proiektuak landuko dituzte: teknolurrak, laborantza esperimentalak, fitorremediazioa, nekazaritzako elikaduraren estrategia, nekazaritza eta ingurumenaren alorreko informazio tekniko kualifikatua, nekazaritza ekologikoa, abeltzaintza estensibo esperimentala, eta Olarizuko Lorategi Botanikoa eta Germoplasma Bankua.

Azken urteetan, Neikerrek, Gasteizko Udalak eta IGIk zenbait ikerketa proiektu gauzatu dute elkarrekin. Gasteizko Udaleko alkateorde Borja Belandiak eta Neikerreko zuzendari nagusi Josu Ezkurdiak sinatu duten hitzarmenaren bidez, bi erakundeek teknolurrekin lotutako proiektuei helduko diete, hondakinak tratatzeko udal lantegietako soberakinak baliatuz lur naturalaren funtzioak betetzen dituzten lur artifizialak sortzeko, eta lur horiek inguru degradatuak arriskurik gabe egokitu eta berreskuratzeko izan dezaketen bideragarritasuna probatzeko.

Orobat, laborantza esperimentalak identifikatuko dituzte, nekazaritza jardunbide berriak edo ekonomiari eta ingurumenari begira etorkizuna duten laboreak sartzen laguntzeko, berriak direlako edo inguruan gutxi erabiltzen direlako sektorean poliki eta nekez sartzen ari badira ere.

Bestetik, fitorremediazioarekin lotutako proiektuak landuko dira, lurzoru kutsatuak erremediatzeko teknika bigunak, landareen erabileran oinarrituak, ikertzeko.

Halaber, nekazaritzako elikaduraren alorreko estrategia lantzen eta garatzen lagunduko duen politika aztertuko da, bertan edo hurbil era jasangarrian ekoiztutako kalitateko produktuak Gasteizen kontsumitu daitezen; nekazaritza eta ingurumenari buruzko informazio tekniko kualifikatua ere emango da, eta nekazaritza ekologikoa landuko.

Olarizuko Lorategi Botanikoan eta Germoplasma Bankuan, berriz, basaflora mehatxatu eta babestua kontserbatu eta hobetzeko programekin lotuta, Neikerrek zenbait alorretan egiten dituen ikerketetan laguntzeko asmoa dago, besteak beste, elikagaiak edo energia sortzeko laboreen arloan.

Hitzarmenean jasotako beste ikerketa proposamen batek abeltzaintza estensibo esperimentalarekin du zerikusia, hiri ingurunean abeltzaintza sistema estensibo berritzaileak, ingurumena errespetatzen dutenak, sustatzearren.

Neikerrek egindako ikerketen emaitzak Gasteizko Udalari emango dizkio, eta IGIk udal ekipamenduak utziko dizkio ikerketa zentroari, berrikuntzaren edo ikerketaren alorrean bere jarduera garatzeko proposatzen dituen jardunaldiak, topaketak, biltzarrak edo prestakuntza-ikastaroak antolatzeko. Gainera, gaur goizean sinatutako hitzarmenari esker, IGI eta Neiker batera aurkeztu ahalko dira nazioarteko deialdietara, eta urteetan metatu duten ospeaz eta esperientziaz baliatu.

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala