Industrialdeetan lan egiten duten pertsonak bizikleta erabiltzeko prest daude lanera joateko
Gasteizko Udalak hiriko industrialdeetarako mugikortasunari buruzko lehen inkestaren emaitzak aurkeztu dira jadanik. Inkesta iazko abendutik 2021eko otsailera bitartean egin zen. Gune horietan lan egiten duten ia 4.000 pertsonak erantzun diote ekimenari, hau da, langile guztien % 10ek baino gehiagok. Inkestatutako pertsonen % 91 gure udalerrian bizi dira, % 65 gizonezkoak dira eta gainerako % 35ek emakumezkoak.
Inkesta hau Indutrialdeetako lehen Mugikortasun Planaren prestaketa lanen baitan egin da. Plana CEAk, Ekonomia Sustapenaren Sailak, GILSAk eta TUVISAk sustatu dute.
Erantzunen arabera, pertsona horien % 70 auto pribatuan doaz egunero enpresara. Ehuneko hori % 89 da Goiainen kasuan, % 81 Arabako Teknologia Parkean eta % 48 Ehari Gobeun. Azken hori da mugikortasun ohitura jasangarrienak dituen industrialdea, hiriko bizitegi-eremutik gertu dagoelako. Jundizen kasuan, % 77 baino gehiago doaz autoan lanera. Halaber, joan-etorri horiek denbora-tarte labur batean pilatzen direla erakusten du inkestak. Joaneko bidaien % 84 goizeko 6ak eta 8ak bitartean egiten dira, eta itzulerako bidaien % 75, 14ak eta 18ak bitartean. Nabarmentzekoa da ere joan-etorri horietan ibilgailu-parkeak batez beste 10 urte baino pixka bat gehiago dituela.
Inkestan deigarria den beste datu bat industrialde horietako langileek beren enpresetara iristeko behar duten denbora da. Gehienek, hau da, % 75ek baino gehiagok, 20 minutu baino gutxiago behar dituzte, hiri handietan baino askoz denbora gutxiago. Gamarra eta Betoñuko erabiltzaileak dira lanpostura iristeko denbora gutxien behar dutenak; aitzitik, Goiain eta Arabako Teknologia Parkean lan egiten dutenak dira denbora gehien ematen dutenak: % 35 inguruk 21 eta 30 minutu artean behar dituzte egunero hara iristeko. Aparkalekua bilatzen, aldiz, oso denbora gutxi ematen dute: inkestatuen % 89k 5 minutu baino gutxiagoan aparkatzen dute. Izan ere, aparkaleku eskaintza zabala dago, bai espazio publikoan, bai enpresen barruan, eta % 60k baino gehiagok enpresaren barruan aparka dezakete. Industrialdeka, Subillabide da aparkatzeko arazo gutxien dituena eta Ehari Gobeu, aparkatzeko denbora gehien behar den gunea; hala ere, langileen % 70k 5 minutu baino gutxiago behar dituzte autoa aparkatzeko.
Bizikleta asko erabiltzen da lanerako mugikortasunean
Inkestako datuek agerian uzten dute, halaber, Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Plana indarrean sartu zenetik Gasteizek bizi izan duen bizikletaren gorakada. Industrialdeetara joateko bigarren garraiobide erabiliena da, baina auto pribatutik oso urrun dago oraindik. Gune horietarako joan-etorrien % 11 ibilgailu pedaldunarekin egiten dira, eta Ehari Gobeu eta Betoñu nabarmentzen dira bereziki, bidaien % 26 eta % 24 horrela egiten baitira, hurrenez hurren. Aitzitik, Goiain eta Teknologia Parkea, hau da, hirigunetik urrunen dauden bi guneak, dira ehuneko txikiena dutenak (% 1 eta % 2).
Baliteke bizikleta nabarmen erabiltzea joan-etorriak egiteko denbora lehiakorrena duen garraiobidea delako, auto pribatuaren ondoren. Izan ere, inkestatutako pertsonek adierazitakoaren arabera, 17 minutu behar dituzte Betoñura bizikletan joateko eta 32 minutu Teknologia Parkera iristeko. Nolanahi ere, eta datu horien aurrean, harrigarria da erabilitako denboraren hautematea subjektiboa bizikletari benetan dagokiona baino askoz handiagoa dela. Adibidez, Teknologia Parkeko erabiltzaileek uste dute Gasteiztik bizikletan joateko 69 minutu beharko lituzketela, joan-etorri horretarako benetan behar dena baino 37 minutu gehiago.
Bestetik, azterlanaren arabera, COVID-19aren pandemia gorabehera, langileen % 13k soilik egin ohi dute telelana, beste hiri batzuetan baino askoz gutxiago. Emakumeak dira telelan gehien egiten dutenak eta Arabako Teknologia Parkea da telelan gehien egiten den lekua (langileen % 38). Goiainen, aldiz, % 2 bakarrik.
Aldatzeko nahia
Mugikortasunari buruzko inkestan, halaber, langileei galdetu zaie ea prest dauden joan-etorriak modu jasangarriago batean egiteko. Azpimarratzekoa da inkestatutako unibertsoaren % 83 lanera joateko bizikleta erabiltzeko prest egongo litzatekeela, baldin eta azpiegituren baldintzak hobetzen badira, bereziki bideen argiztapena eta kontserbazioa hobetuko balitz eta bide horiek erosoagoak izango balira. Halaber, % 14k bizikletentzako aparkaleku seguruak eskatzen dituzte, eta inkestatutako enpresen % 58k aitortu dute ez dutela bizikletentzako aparkalekurik beren instalazioetan. Era berean, % 71 prest daude garraio publikoa erabiltzeko, baldin eta maiztasuna areagotzen bada eta lurralde-estaldura asko zabaltzen.
Aitzitik, soilik inkestatutako langileen % 52 egongo lirateke ibilgailua partekatzeko prest —% 61 Teknologia Parkearen kasuan—, eta soilik % 30ek pentsatuko lukete dagokien industrialdera oinez joateko aukera.
Lanera joateko mugikortasun jasangarriaren beharra
Industrialdeetarako mugikortasunari buruzko inkesta hori Hiriko Industrialdeetarako Mugikortasun Jasangarrirako Plana sortzeko oinarria da. Plana estatu osoko lehenetako bat da, eta lanerako mugikortasun jasangarriago bat ezarri nahi du, Europako hiri guztietan konpondu gabeko arazoetako bat. Enpresekin, langileekin eta, oro har, herritarrekin batera sortutako lana da. Orain, jarraian, lehen diagnostiko bat aurkeztuko da, eta, ondoren, Mugikortasun Elkargunearen bidez modu parte-hartzailean landuko den lehen estrategia bat planteatuko da. Asmoa da plana urtea amaitu baino lehen aurkeztea.
Industrialdeetara modu jasangarriagoan joateak gure hirian berotegi-efektuko gasen isuria murrizten eta, beraz, airearen kalitatea hobetzen lagunduko luke zuzenean. Ez da ahaztu behar gaur egun isuri horien herena herritarrek mugitzeko duten premia guztiek eragiten dutela. Bestalde, eragin zuzena du langile guztien osasuna hobetzeko orduan, in itinere istripuak eta estres maila murrizten baitira. Jakina, enpresen lehiakortasunak ere gora egiten du, talentua erakartzeari edo eraginkortasunari dagokionez.