IGIk udaberrirako jarduera-programa aurkeztu du
Gasteizko Udaleko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak (IGI) edukiz betetako programa landu du aurtengo udaberrirako. Ehun jarduera baino gehiago biltzen dituen egitaraua datozen hilabeteetan garatuko da, ekainera arte. Zehazki, 103 jarduera antolatuko dira Atarian, Olarizuko etxaldean, Urarteko baratzeetan eta Arabako hiriburuko beste gune natural batzuetan. Eskaintzak hainbat jarduera barne hartzen ditu: erakusketak Ataria interpretazio zentroan, biodibertsitatearen kulturarekin lotutako lantegiak eta ikastaroak, natura ibilbideak, eta familientzako askotariko jarduerak udalaren zenbait baliabidetan. Ohi bezala, ingurumenarekin lotutako adierazpen artistikoei ere egingo zaie leku. Oraingo honetan, IGIK ahalegin handia egin du botanikari loturiko jardueretan arreta jartzeko eta, ondorioz, arlo horretako jarduerek egitarauaren % 40 inguru hartzen dute.
Salburuko hezeguneak interpretatzeko Ataria zentroko erakusketei dagokienez, dagoeneko inauguratu da Avis Produkzioak taldearen ‘Klima aldaketari aurre egitea’ erakusketa, eta maiatzaren 5era arte egongo da ikusgai. Gero, maiatzaren 14tik ekainaren 23ra, “Natura ilustratua” bildumaren txanda izango da, Gasteizko Arte eta lanbide Eskolakoen eskutik.
Horietaz gain, hainbat gairi buruzko hitzaldiak, lantegiak, natur ibilbideak (oinez edo bizikletaz) eta familientzako jarduerak izango dira. Bestalde, azpimarratzekoak dira erleen munduan sartzeko lantegia; maiatzaren 26an Olarizuko Etxaldean antolatuko den ‘Aspaldiko haur jolasak landareak baliatuz’ ekimena, eta Atarian ekainaren 2an egingo den Ingurumenaren Jaia. Programa osatzeko, besteak beste, ‘Gustukoen dudan pieza’ haurrentzako marrazki lehiaketa eta Eraztun Berdeko XIII. Bira (ekainak 23) egingo dira.
Udalaren webgunean, Atarian, 010 telefonoan eta gizarte etxeetan eman daiteke izena, martxoaren 26tik aurrera.