IGIk negurako jarduera-programa aurkeztu du
Gasteizko Udaleko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak (IGI) jardueraz betetako programa diseinatu du negurako; zehazki, 103 jarduera garatuko ditu datozen hilabeteetan. Jarduera horiek Atarian, Olarizuko etxaldean, Urarteko baratzeetan eta Gasteizko beste gune natural batzuetan egingo dira; aurten, gainera, Eraztun Berdearen 25. urteurrena ospatzen da. Eskaintzak hainbat jarduera barne hartzen ditu: erakusketak Ataria interpretazio zentroan, ingurumenarekin eta kulturarekin lotutako lantegiak eta ikastaroak, natura ibilbideak, eta familientzako askotariko ekimenak udalaren baliabide ezberdinetan. Abenduaren 26tik aurrera eman beharko da izena, 010 telefonoan, Udalaren webgunean, Atarian eta gizarte etxeetan.
“Udalak urteak daramatza jarduerak antolatzen herritarren artean ingurumenarekiko kontzientzia sendotzeko xedez. Are gehiago aurten, Eraztun Berdearen 25. urteurrena delarik eta hiriak jaso dituen aitorpenak kontuan hartuz. Izan ere, IGIren kontzientziazio eta zabalkunde lana oinarrizko tresna izan da Gasteizen hainbestetan aipatzen dugun eta kanpoan ezagun bihurtu gaituen DNA berde hori geureganatzeko”, nabarmendu du Ingurumen zinegotzi Iñaki Prusillak. Atariko koordinatzaile Gorka Belamendiarekin batera eman du prentsaurrekoa zinegotziak, eta azpimarratu du programazioa IGIrekin lankidetzan aritzen diren zenbait erakunderekin batera osatu dela.
Programan hiru erakusketa aurkituko ditugu: lehena, Alemaniako Natura Argazkilarien Elkartearen ‘European Wildlife Photographer of the Year’ erakusketa, 84 irudi harrigarriz osatua eta berriro ere Atarian ikusgai jarriko dena. Dagoeneko bisitatu daiteke. Bigarrena, ‘Saguzarrak: gauaren aliatuak’ izenekoa, SECEMU-Saguzarrak Kontserbatu eta Ikertzeko Espainiako Elkarteak antolatua eta Juan Tomás Alcalde, Iñaki Martínez eta José Manuel Castrilloren lanak biltzen dituena. Gasteizen bizi diren espezieak ikusi ahalko dira bertan. Martxoan, berriz, AVIS Produkzioak enpresak landutako ‘Klima aldaketari aurre egitea’ bideo-erakusketa irekiko da. Goi mendietako espezieek berotze globalari nola egin behar dioten aurre erakusten du.
Orobat, ingurumen sentsibilizaziorako ildo berria estreinatuko du Atariak, familiei begira. ‘Natura familiartean’ programa da, 6 eta 10 urte bitarteko umeak dituzten familientzat, Salburuko natura basatian esperimentatu dezaten. Horretaz gain, askotariko jarduerak antolatu ditu IGIk: era guztietako hitzaldiak (landareei eta hariztiei buruz, pizido eta akainei buruz, Ebroko deltako parke naturaleko zuzendari Francesc Vidalek emango duena…), ikastaroak (argazkigintza edo boilurrei buruzkoak), natura ibilbideak (baso-igel jauzkaria, urubia edo beste hegazti batzuk ezagutzeko…), inauteri aurreko lantegiak eta Euskadiko Hazien Sareak Olarizun antolatutako ateak zabaltzeko jardunaldiak. Beste berritasun bat ‘Eraiken-ek etxe osasuntsuak aktibatzen ditu’ izeneko jarduera da, martxoaren 14an, eraikuntzaren institutuarekin batera antolatua.
Udalaren webgunean, Atarian, 010 telefonoan eta gizarte etxeetan eman daiteke izena.