Hobetzeko obra berriak Zadorran, Abetxukutik Aztegietara bitartean
Makinak eta langileak Zadorraren ur-bazterrera itzuli dira. Urrian jarri ziren martxan ibaia Gasteiztik pasatzen den zatiko inguruaren leheneratze ekologiko eta paisajistikorako jarduera berriak. Hobetzeko obra horiek zortzi hilabetetan burutuko dira eta Abetxukutik Aztegietara bitarteko zatian dauden bi sektoretan egongo dira banatuak.
Lehen esku-hartzean Atxa-Landaberde parkea Aztegietarantz handituko da, momentu honetan degradatua dagoena hondakin kopuru handiaren eta legez kanpoko baratzeen eraginez. Proiektuaren barruan honakoak sartzen dira: garbiketa, hondakinak kentzea eta beharrezko diren landare trataerak egitea, baita oinezko zein txirrindularientzako ibilbide berriak egitea, 2,8 kilometrokoak, hain zuzen. Halaber, atseden gunea sortuko da Gobeun eta ibai alderako behatokia jarri, Lopida aurrean.
Aurreikusitako bigarren jardueran Forondako atea eta Abetxukuko zubi berria lotuko dituen oinezkoentzako ibilbideak egokituko dira.
Proiektu bi horiek amaitutakoan Abetxukutik Aztegietara bitartean doan Zadorraren ezkerraldeko bazterretik lau kilometroko paseoa egin ahalko da.