Vitoria-Gasteizek Madrilgo Hirien Foroan parte hartu zuen

2026ko ekainean Hirien Foroa egin zen Madrilgo IFEMAren instalazioetan. Mundu osoko hiriek beren politikak azaldu zituzten, lotutako 4 gaitan multzokatuta (hiri-garapen jasangarria, hiri berritzailea, hiri zirkularra, giza ongizatea).
Guztira 200 bat txosten aurkeztu ziren, eta haien artean, Gasteizek "Hiriko etorkizunak" izeneko espazioan hartu zuen parte Iruñea, Bogota eta Turinekin batera. Gasteiz foro horretara gonbidatu zuten bere jasangarritasun-politikak azaltzeko eta politika horiek datozen hamarkadetan hirian nola eragingo duten proiektatzeko.
Gasteizko aurkezpenak proposatu zuen, aurreko hamarkadetan egindako lanaren mailatik abiatuta, hiriaren etorkizuneko diseinua nola egituratzen den onartu berri den HAPOtik abiatuta, kontuan izanik plan horrek lotura zuzena duela mugikortasun jasangarria, ekonomia zirkularra, hiriko azpiegitura berdea edo biodibertsitatea lantzen duten hiriko beste estrategia eta plan sektorial batzuekin, eta estrategia horiek aukera emango dutela datozen urteetan Gasteizen politika eta neurri berriak ezartzeko.
Borja Rodriguez Hiri Eredu, Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumen zinegotziaren arabera, "tokiko administrazioek hiri jasangarri bat hedatzeko neurriak bultzatzea tokiko ekosistema berritzaile baten indar sortzailea da; inbertsioak enplegu eta jarduera ekonomiko bihurtzen dira. Enpresekin eta industriekin lan eginez, helburu politikoak merkatuaren eskaera bihur daitezke, egokitzeko arriskuak murriztu daitezke (klima-egokitzapenak eredu ekonomiko berri bat behar du), inbertsioa mobilizatu daitgeke eta lehiakortasun ekonomikoa, gizarteratzea eta ingurumen-jasangarritasuna eskaintzen dituzten irtenbideak zabaldu daitezke. Hori da jasangarritasun-politiken benetako garrantzia eta datozen urteetan zer helburutan oinarritu nahi dugun, eta hori da Madrilen azaldu duguna".