Hiriaren erdialdean trafikoa lasaitzeko proiektua
Udalak, Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planak dioena jarraituz, zenbait kaletan trafikoa lasaitzeko neurriak jarriko ditu abian, oinezkoen, txirrindularien eta motordun ibilgailuen arteko bizikidetza hobetzeko.
Mugikortasun Planak superetxadien eskema bat definitu zuen mugikortasuna erregulatzeko; eskema horretan, superetxadien barneko kaleek soil-soilik auzokideen trafikoa duten kale bihurtzen dira. Trafikoa lasaitzearen helburuak bi dira: autoen abiadura motelagoa izatea, alde batetik oinezkoen bidegurutzeak eta txirrindularien pasaera seguruagoa izan dadin, eta bestetik, txirrindulariak batez ere espaloia erabiltzeari utz diezaioten eta galtzada erabiltzen has daitezen, oinezkoen eta txirrindularien arteko elkarbizitza hobetuz.
Eskema horri jarraituz, "30 guneak" deritzenak (autoen gehieneko abiadura 30 kilometro ordukoa delako) sortuko dira hiriko 45 kaletan. Aldaketa honen onurak izango dituzten kaleak beheko mapan ikusten direnak dira. Gutxi gora-behera 9.000 metro inguruko luzera dute guztira 45 kale horiek.
Mapan magenta kolorez margotuta ageri diren kaleetan trafikoa lasaitzeko neurriak aplikatuko dira, baina bizikleta bide bereizirik sortu gabe (bizikletek autoekin partekatuko dute galtzada); eta urdinez margotutakoetan, gaur egun zirkulaziorako 2 lerro daudela baliatuz, lerro horietako bat kontrako zentzuan doan bizikleta bidea sortzeko erabiliko da.
Ekimen honetarako prestatu diren oinarrizko bi proposamenak hurrengo eskemetan ikus daitezke.
1. proposamena: lerro bakarra duten kaleak
Proposamen honetan "sarrerako ateak" sortuko dira kalearen hasieran, sarrera hori beste asfalto mota batez markatuz eta seinale espezifikoak ipiniz. Horrez gain, kalean zehar S-30 seinaleak margotuko dira zoruan. Kalearen zenbait tokitan galtzada estutu egingo da, hiriko altzariak eta beste elementu batzuk (zamalanetarako guneak, edukiontziak, bizikleten aparkalekuak, etab.) erabiliz, autoak lerro zuzena jarraitzu mugi ez daitezen, horrela haien abiadura murriztuz. Eskema honetan bizikletak galtzadatik mugitu behar dira, espazioa motordun ibilgailuekin partekatuz.
2. proposamena: zentzu bakoitzean 2 lerro dituzten kaleak
Aurreko proposamenean azaldutako neurri berak aplikatuko dira, baina horiez gain zirkulaziorako dagoen lerroetako bat kontrako zentzuan doan bizikleta bidea sortzeko erabiliko da. Zirkulazioaren zentzu berean doazen bizikletek galtzadatik joan beharko dute, autoak doazen lekutik.
Ekimen honen aurrekontua 300.000 eurokoa da, eta horietatik % 30 CIVITAS europar proiektuak emango du.