Albistea
Hirian bizikleta lapurreten kopurua murrizteko ekintza-plana
Urtebetean, 2010eko ekainetik 2011ko ekainera bitartean, 1.260 bizikleta lapurreta salatu ziren Gasteizko Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren polizia-etxeetan, hau da, batez beste 105 hilean. Datuok eta garraiobide horrek Vitoria-Gasteizko herritarrentzat duen garrantzia kontuan izanik, Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Marian Castellanosek, Udaltzaingoarekin batera, hainbat ekimen abiarazi ditu joera hori geldiarazteko:
- Udaleko Guardiako Ikuskaritzaren eta Ikerketa Atalaren artean koordinazio bideak ezartzea; horietako lehenak jasotzen ditu salaketak, eta bigarrena arduratzen da lapurtutako gaien jasotzaileak bilatzeaz eta berehala saltzen ez diren bizikleta lapurtuak nora doazen aztertzeaz.
- Udalaren web-gunearen bitartez, Internet bidez udal biltegira sarbide zuzena eskaintzea, han gordetzen baitira berreskuratutako bizikletak, direla lapurtutakoak direla galdutakoak. Bizikleta horiek ofizioz erregistratuko dira; erreklamatzen dituztenek beren identifikazio datuak eman beharko dituzte haiek hartzean, eta jabeak direla egiaztatu.
- Lapurreten egile gisa identifikatzen dituztenen atxiloketak areagotzea.
- Bizikleten Udal Erregistroak berreskuratutako ibilgailuak identifikatzeko duen garrantzia azpimarratzea.
- Hedabideen bitartez, bizikleta erabiltzaileentzako norbera babesteko ohartarazpenak zabaltzea.
Ildo horri jarraituz, Vitoria-Gasteizko Udaltzaingoak hainbat gomendio egiten dizkie herritarrei:
- Ibilgailua erregistratu.
- Erosketaren ordainagiria gorde, bertan ibilgailua deskribatzeko datuak ageri direlarik, bai eta argazki bat ere.
- Okasiozko bizikleta bat erosten baduzu, egiazta ezazu ez dela ageri lapurtutako bizikleten erregistroan.
- Lot ezazu beti bizikleta giltzarrapoz. Ahal dela, erabil itzazu bizikletentzako aparkalekuak, eta eraman itzazu aldean lapurtzeko modukoak diren osagarri guztiak. Garajean edo atarian gordetzen direnak ere elementu finkoren bati lotu behar zaizkie giltzarrapoz.
- Giltzarrapoa hautsi dutela antzeman edo kalean bizikleta bat saldu nahian dabilen pertsonaren bat ikusiz gero, sala ezazu 092 telefonora deituz. Bizikleta lapurtzen badizute, telefono horretara deitu eta bizikletari buruzko ahalik eta datu gehien eman, eta halakorik baduzu, erosketaren ordainagiriaren kopia eta argazki bat aurkeztu.