Hiri Baratze Kolektiboei buruzko I. Jardunaldien laburpena
Gasteizko udalerrirako nekazaritzako elikagaien eredu iraunkorrago bat sustatzeko politiken barruan, eta ingurumena errespetatuz bertan ekoitzitako elikagaiak kontsumitzeko kultura sustatzearren, bai eta hiri baratzezaintzarekin lotutako ekimen autonomoak sustatzearren ere, CEAk Kiribilore Permacultura elkartearen laguntza teknikoa du, udalerriko taldeek jarduerak antolatu ditzaten hiri nekazaritza sustatzea helburu duten herritar ekimenak zein bertan sortutako eta ekologikoki ekoitzitako elikagaien kontsumoa sustatzera bideratutako proiektuak garatzeko xedez.
Testuinguru horretan antolatu zen Hiri Baratze Kolektiboen I. Jardunaldia, urriaren 21 eta 22an. Zenbait jarduera programatu ziren: bizikleta-ibilaldia hiriko baratze batzuetara, mahai-ingurua, hazien trukea, hitzaldi bat eta bisitaldi gidatua Arriagako fruta-baratzera. Jardunaldian 40 pertsonak baino gehiagok hartu zuten parte, eta 10 taldek, hauek, besteak beste: IRSE Araba, Zabalortu, Zaramaga Foroa, Ibai-Lakua, Bioalai, Ingurugela, Basalburu, Autismo Araba, Errekaleor Bizirik, eta unibertsitateko baratze ekologikoa.
Eguraldia eta parte hartzaileen umore ona lagun, oso pozik geratu ginen ikusi, entzun eta partekatu genuen guztiarekin. Ideiak, iritziak, ikuspegiak eta baretze kolektiboak abiatu eta garatzerakoan sortzen diren zailtasunak partekatzeko denbora ere izan genuen.
Hiri baratze kolektiboei buruzko lehen jardunaldiak proiektua zertan den neurtzeko balio izan du, Gasteizko udalerriko taldeen artean hiri baratzeak sustatzeko helburua baitu. 2016ko urriaren 1ean ekin genion lanari, eta gaur egun 11 talde baliatu dira CEAk Kiribiloreren bitartez hiri baratzeak sortu edo sustatzeko eskaintzen dituen zerbitzuez. Informazio gehiago: Hiri baratze kolektiboak
Datorren urtean jardunaldiak berriro egin ahal izatea espero dugu, eta ordurako askoz hiri baratze kolektibo gehiago ereitea proiektu pilotu honi esker, oso pozik baikaude horretan parte hartzeaz.
Gustavo Duch-en esaldi eder bat uzten dizuegu: "Jende txiki askok, leku txiki askotan, baratze txikiak landuko ditu... eta horiek mundua elikatuko dute".