Herritarren Zientziaren Sarearen 2016ko jardueren balantzea
Vitoria-Gasteizko Herritarren Zientziaren Sarearen xedea da biodibertsitatearen alorrean herritarren parte hartzea sustatzea, zenbait landare eta animalia talderen inguruan dagoen ezagutza hobetzeko asmoz. Horrela lortutako informazioari esker, Udalak egokiago egin dezake lan habitaten kudeaketa hobetzeko eta gure natur ondarearen kontserbazio integrala lortzeko.
2016an zehar bost kontserbazio programa gauzatu ziren: hiriko hegaztiena, odonatuena, orkideena, eguneko tximeletena eta gaueko tximeletena. Izaera anitzeko 96 lagunek hartu zuten parte guztira, eta adin, sexu, prestakuntza zein motibazio aldetik aberastasun handia izan zen. Esperientzia ederra izan dela onartu zuten gehienek, eta horrez gain, interes handia sumatu zitzaien espezieen egoera ikertzen eta monitorizatzen jarraitzeko, bai eta lehendik aurkitu gabeko taxoiren bat aurkitzeko ere. Horren froga da informazio emateko orduan batez besteko fideltasuna % 97koa izan zela.
Programa berriei dagokienez, Gaueko Tximeleten Kontserbazio Programa jarri zen martxan 2016ko irailaren 22an. Egun 10 pertsona ditu laginak egiten, eta laginketen fideltasuna % 100ekoa da orain arte.