Albistea

Herritarren Zientziaren programak 2018an izandako emaitzak

Vitoria-Gasteizko Herritarren Zientziaren Sareak emaitza onak izan zituen 2018an herritarren laguntzari esker. Nabarmena izan zen lehen aldiz detektatutako taxoi kopurua, bai eta programetan parte hartu zuten pertsonen kopuruaren igoera ere.

Orkideen eremuan, Barlia robertiana espeziearen bi populazio aurkitu ziren. Orkidea espezie erraldoi hori arrisku kritikoan dago EAEko Zerrenda Gorriaren arabera. Odonatoen esparruan, bi espezie berri aurkitu ziren, eta horietako bat, Coenagrion caerulescens, burruntzi oso bakana da EAEn eta orain arte Arabako Errioxan soilik ezagutzen zen.

Lepidopteroei dagokienez, lehen aldiz antzeman zen Lopinga achine eguneko tximeleta. Espezie horren populazioa atzeraka doa eta agertzen den tokirik hurbilena Urduña da. Bestalde, 329 sits espezie desberdin behatu ziren, horietatik 77 lehen aldiz Salburuan, 5 lehen aldiz Araban eta 19 lehen aldiz Euskadiko Autonomia Erkidegoan. Gaueko lepidopteroei dagokienez, bi aipatu behar dira: EAEn bigarren aldiz aurkitu den Eriogaster catax eta Espainiako ornogabeen zerrenda gorrian dagoen Proserpinus proserpina.

Bost urteko jarraipenaren ondoren, hegaztien laginketak emaitzak ematen hasi ziren. Behatutako espezieek ez zuten joera negatiborik erakutsi, eta positiboan behatu ziren espezieak bederatzi izan ziren: kaskabeltz handia, amiamoko zuria, sorbeltz arrunta, arabazozo beltza, txoru arrunta, kardantxiloa eta mika arrunta.

Lurzoruen kontserbazio programari dagokionez, lehen aldiz egin zen 2018an, eta jendearen oniritzia izan zuela esan daiteke, guztira 23 pertsonak hartu baitzuten parte. Udal lurzoruek batez besteko nota ertaina jaso zuten (5,5 puntu): diagnostikoak onak izan ziren ikuspuntu fisiko-kimikotik eta landareen biodibertsitateari dagokienez, baina kalifikazio txarra izan zuten materia organikoaren edukiari dagokionez.

> Herritarren Zientziaren webgunea

Parte hartzaileak