Herritarren Zientziako Sarearen jardueren 2015. urteko balantzea
2013an Vitoria-Gasteizko udalak Herritarrek Zientzian Parte Hartzeko Sarea sortu zuen Atariaren bitartez. Sare hori jasangarritasunaren aldeko hezkuntza tresna bat da, herritarren eskuetan prozedura eta ezagutza zientifikoak jartzen dituena modu aske, dibulgatzaile eta hurbilean, herritarrek beraiek natur ingurunearen babesean parte hartu ahal dezaten.
Ekimena hiru ataletan dago egituratua: parte hartzen duten pertsonen prestakuntza, pertsona horiek egiten dituzten identifikazioen egiaztapena eta parte hartzaileen arteko komunikazioaren dinamizazioa.
Egun sareak kontserbazioko lau egitasmo (orkideak, odonatuak, hegaztiak eta tximeletak) eta segimenduko hiru (mika, enara azpizuria eta espezie exotiko inbaditzaileak) ditu. Egitasmo horietan adin, sexu, prestakuntza eta motibazio anitzeko 74 lagunek hartzen dute parte guztira. Egiten duten lana atsegingarri zaie oro har, eta espezieen egoera behatzen eta ikertzen jarraitzeko gogoarekin bukatzen dute, eta espezie berriren bat aurkitzeko gogoarekin. Horren erakusgarri, parte hartzearen fideltasun tasa % 85ekoa da.