Herrilanak Eraztun Berdean
Santo Tomás eta Errekaleor ibaien deribazioaren (Alegria ibaiaren pasabidea) lanek eragindako ibai tarteen ingurumen eta paisaje egokitzea.
Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak Santo Tomás eta Errekaleor ibaien deribazioak eragindako ibai tarteen ingurumen eta paisaje egokitzearen gauzatzea sustatu du. Proiektu hau, aurki ALEGRIA IBAIAREN PARKEA izango dena osatzeko erabiliko dena, CEAko teknikariek idatzi dute, 840.000 euro inguruko aurrekontua du eta Lanbide eraikuntz enpresari esleitu zaio. Bere bukaera data 2002ko udarako aurreikusi da.
Lan honen iharduera esparrua Santo Tomás eta Errekaleor ibaien deribazio ibilgutik hasi (Buesa Arena pabilioiaren ondoan) eta Alegria ibaia Zadorrarekin batzen den tokiraino (Eskalmendiko zubian) hedatzen da. Lerro parkea Zurbanoko urmaeletan hasiko da, Betoñoko industrigunea inguratuko du iparrekialdetik eta Zadorra ibaiarekin lotuko da. Aipatu ibai tartea 1500 m-ko luzera eta 110.000 m² inguruko hedadura duen iparmendebalde-hegoekialde ardatz batean garatuko da.
Parkearen diseinua egiterakoan planteatu diren helburuak ondoko hauek dira:
1. Zadorra ibaiaren eta Zurbanoko urmaelen arteko pasabide biologiko barren sorrera eta egituraketa, bisoi europarraren eskakizunei zuzendurikoa batez ere.
2. Gasteizko eraztun berdea osatzen duten hiringuruko parkeen arteko lotura fisikoa. Ibiltarien eta txirrindularientzako pasealeku eta bideen diseinua.
3. Ingurunearen leheneratzea.
- Izadiaren eta paisajearen leheneratzea: aurretiaz egikaritu diren herrilan hidrologikoetan sorturiko lur mugimenduek utzitako aztarnari konponbidea ematea.
- Hiri leheneratzea: industrigunearekiko ukimen ertzaren diseinua, gatazkak identifikatu eta konpondu.
Sortuko den hidrologi sistema berriaren funtzionamendua, kudeaketa eta mantenimendua bermatzeko beharrezkoak diren mekanismoak sortzea.
Salburuko parkeko ur biltegi zaharraren egokitzapena parkearen informazio puntu edo biltegi gisa erabiltzeko.
Salburuko hezegunearen leheneratzea sendotu den heinean, jendearekiko arreta, parkearen kudeaketa eta mantenimendu lanek, etab. parkearen funtzionamendua bermatuko duten zenbait azpiegituraz hornitzea beharrezkoa dela ikusi da. Salburuko Parkerako Arkauteko sarbidean harrera eta informazio puntu bat prestatzen ari da, erakustaretoa, biltegia, komunak eta mantenimendu langileentzako aldagelez horniturik.
Xede horrez, dagoeneko erabiltzen ez den ur biltegi bat berreskuratu eta egokitu nahi da. Biltegi hau Arkauteko sarbide alboan dago eta eraikitako 100 m2 azalera du. Salburuko informazio puntu honen egokitze proiektua Julián Velasco arkitektoak idatzi du, 30.000 euro inguruko aurrekontua du eta 2002ko udan inauguratuko da.