eues

Albistea

Hemianax ephippiger, Afrikatik etorritako burruntzia Salburuko hezeguneetan

José Antonio Gainzarainek idatzitako artikulua Atariaren lagunak blogerako (2011ko apirilaren 18):

"Oraindik ez da burruntzien hegaldiaz gozatzeko garaia, animalia hauek larba modura igarotzen baitute negua eta gure ingurunean maiatzetik aurrera soilik agertzen baitira. Hala ere, azken egunotan normalak ez diren tenperatura altuak eduki ditugunez, bai Salburuko uren gainean zein Uribarriko urtegian eta Arabako beste hezegune batzuetan talde honetako intsektuak ikusi ahal izan dira. Pentsa zitekeen aurreratutako uda dela honen erruduna, horregatik irten direla lehenago burruntziak, sasoia baino lehen hegan egiteko aprobetxatu dutela beroa. Hala ere, aipatutako espeziearen nortasuna ezagututa, azalpena beste bat dela ikusiko dugu.

Egun hauetan ikusten ari garen burruntzi guztiak espezie bakar batekoak dira, Hemianax ephippiger espeziekoak. Tamaina ederra dute, begi marroiak eta kolore arre argiko gorputza. Arrek orban urdin argia dute abdomenaren oinarrian. Hegoek nolabait keztatuak direla dirudite, eta urrutitik kolore gorrixka dutela ematen du.

Zera gertatzen da, espezie hau tropikala dela, Afrikako eta Asia hegoaldeko eskualde lehorretan duena banaketa naturala, eta iparraldetik Mediterraneoaren ertzetara iristen dena. Espezie hau Araba dagoen latitude ipartarretan agertzea salbuespena da, eta Sahara azpiko Afrikatik gertatu diren mugimendu masiboen ondorioz gertatzen da. Agerpen bitxi hauetan bikoteen parekatzeak eta arrrautzak jartzeak izaten dira, baina gehienetan arrautzak ez dira irekitzen edo larbak hil egiten dira eta beraz, ez dira ale helduak sortzen. Hori dela eta, espezie honen iparrerako mugimenduek ez dute populazio egonkorrak sortzen, eta beste inbasio bat itxaron behar izaten da berriro ikusi ahal izateko.

2009an lehen aldiz ikusi genuen Hemianax ephippiger Araban (seguru aurretik ere espezie hau Araban egon dela, baina orain arte ez da egon hura behatzeko arreta jarri duen naturalistarik). Egun hauetan, bi urte geroago, berriro gertatu da jatorri tropikaleko intsektu hauen sarrera masiboa. Azken hamarkadetan gertatzen ari den klima aldaketaren beste froga bat, txikia bada ere; espezie askoren bizitza zikloan aldaketa honek duen eragina erakusten duena."

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala