Hemeretzi mila ikaslek 21 Agendaren bitartez egindako lana aurkeztu diete Udalari
Vitoria-Gasteizko 29 ikastetxetako hemeretzi mila ikasle ingururen ordezkaritza batek aldaketa klimatikoaren eta mugikortasunaren gaineko diagnostikoa aurkeztu diote Goiuri jauregian hiriko alkate Patxi Lazcoz eta Ingurumen zinegotzi Alba Cañadasi. Lan horretako ondorioetan oinarrituta, konpromiso pertsonalen eta hobekuntza proposamenen agiri bat osatu dute ikasleek.
Konpromisoen artean honakoak aipa daitezke: gurasoei etxean birziklatzera bultzatzea, behar ez denean ur-txorrotak ixtea, kaleak gurutzatu aurretik ondo begiratzea, bide arauak errespetatzea, joan-etorrietan kotxea konpartitzea, aukeran oinez, patinetez edo bizikletaz mugitzea, eta gurasoak garraiobide publikoak erabiltzera animatzea.
Hobekuntza proposamenei dagokienez, honako hauek iradoki dizkiete Udalari: ikastetxeetan kontsumo txikiko bonbillak banatzea, garraio-abonamenduak merkatzea, tranbiaren maiztasuna areagotzea, energia-kontsumoa urritzea, eta energia-iturri berriztagarriak erabiltzea.
Konpromiso eta iradokizunen agiria aurkeztu ondoren, ikasleek galderak plazaratu dizkiote alkateari. Geltoki Intermodala egitearen ondoriozko berdeguneen desagerpena eta goi-tentsioko sarearen inguruko kezkak plazaratu dizkiote.
hauxe erantzun die Lazcozek lehen galderaren inguruan: "Obrek eragindako 48 zuhaitzak lekuz aldatuko dira, ez dira botako. Gainera, geltoki berria egiteak nabarmen sustatuko du mugikortasun iraungarria gure hirian, pertsona askok bere ibilgailu pribatua etxean utzita bidaiatuko duelako". Bigarren kezkari buruz, berriz, alkateak erantzun die "arauzko txostenen bidez, egin beharreko lana egin dugu; behin txosten horiek mahai gainean jarri ditugularik, ziur gaude sarea ez dela Gasteiz mendietatik pasako".