Albistea

Hegazti botulismoaren agerraldi bat antzeman da Salburuko parkean

Gasteizko Udalak Salburuko parkean berriro hegazti botulismoa agertu dela ohartarazi du. Zehazki, orain arte 32 hegazti aurkitu dira hilik, Clotridium botulinum bakterioak sortzen duen toxina irensteak eragiten duen gaixotasun horren ondorioz. Garrantzitsua da gogoratzea elikadura intoxikazio horrek ez diela gizakiei eragiten, eta goiz antzemateak agerraldia hobeto kontrolatzea ahalbidetzen duela.

2014an ere antzeko gertaera izan genuen, eta 791 hegazti gaixotu ziren. Hori dela kausa, aurten Eraztun Berdeko zaintza zerbitzuak azterketak egin ditu aldian behin, gaixotasuna antzemateko xedez. Jarraipen horri esker, joan den uztailaren 6an hildako kaio hankahori bat jaso zen. Lau egunetara, hilak 10, Eusko Jaurlaritzaren erreferentziazko laborategiek (Neikerren bidez) heriotzaren eragilea hegazti botulismoa izan zela baieztatu zuten.

Horren ondorioz, Gasteizko Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren arteko koordinazio protokoloa abiarazi zen, agerraldiak kutsatutako hegaztiak aurkitu eta dauden lekutik eramateko. Gaur gaurkoz, badirudi arazoa Salburuko Arkautiko aintzirara mugatzen dela, eta handik hildako 32 hegazti kendu dira, denak uretakoak.

Izan ere, hiltzeari aurre egiteko bide nagusia albait hegazti gaixo eta hildako gehienak eragindako lekuetatik eramatea da. Horrenbestez, inork hegazti hilik ikusten badu, edo jokabide arraroren bat duenik (hego eroriak, buruari tente eusteko zailtasunak, etab.), ez ukitzeko eskatzen diogu arren, eta Udaltzaingoari deitzeko (092), haiek bertatik eraman dezaten. Bakterioa udako hilabeteetan agertu ohi da, tenperatura eta uraren baldintzak egokiak baitira hura garatzeko.

2014an kutsatutako 791 hegaztietatik 133 bizirik jaso ziren. Aldundiaren Faunaren Suspertegian tratamendua jaso zuten, eta 52 ale sendatzea eta natur ingurunean askatzea lortu zen.

Interesa dakizuke


Ez da emaitzarik aurkitu