eues

Albistea

Hasi dira Eskolako Agenda 21ean parte hartzen duten ikastetxeetako irakasleen prestakuntza lantegiak

Urriaren 7an lehen lantegia egin zen Urkide ikastetxean, aurtengo Eskolako Agenda 21aren programan dauden Gasteizko 17 ikastetxetako koordinatzaileen parte hartzearekin.

Lantegietako bateko parte hartzaileak

Lantegiak bi ordu iraun zuen eta bi ataletan banatu zen: lehena teorikoa eta bigarrena praktikoa. Lehen atalean honako edukiak landu ziren:

  • Nola orientatu hirian? Planoak eta aireko argazkiak.
  • Egingo den ibilbidearen hautaketa: aurreko azterketetan identifikatutako eskola bideak.
  • Kalearen anatomia: galtzada, espaloia, bizikleta bidea, bidegurutzea, kantoia, oinezkoen gunea, etab.
  • Erabiltzaileak: oinezkoak, txirrindulariak, auto gidariak...
  • Kaleko espazioaren banaketa.
  • Espazio fisikoaren analisia.
  • Kaleko erabiltzaileen portaera eta elkarbizitza. Bide segurtasuna.
  • Ibilbideak oinez eta bizikletaz.
  • Gure mugikotzeko moduen ingurumen inpaktuak.

Bigarren atalean, parte hartzaileak Urkide eta Marianistas ikastetxeen inguruetan dauden kaleak analizatzera joan ziren, bi lan taldetan antolaturik eta hezitzaile batekin lagundurik. Ikasleek landu beharko dituzten fitxen laguntzarekin, punturik gatazkatsuenak identifikatu zituzten eta haien argazkiak egin zituzten.

Amaitzeko, berriro ere gelan, jarduera ikasleekin antolatzeko egon daitezkeen aukerak planteatu ziren, eta haiekin kalera irtetean kontuan izan behar diren hainbat kontu eztabaidatu ziren eta ideia eta planteamendu desberdinak mahaigaineratu ziren.

Lantegi horren bidez urrats bat gehiago eman zen mugikortasun autonomo eta jasangarriari lotuta udalaren zein ikastetxearen diagnostikoa egiteko.

Ondoren, urriaren 21ean, 15 irakaslek Google Maps erabiltzeko prestakuntza jaso zuten Berritzegunean egindako lantegi batean.

Irakasleek gelan tresna hori erabil dezaten aurreikusi da, horrela ikasleek mapen gainean marraztu ahal izango baitituzte ikastetxearen inguruko espazio publikoaren diagnostikoaren emaitzak, eta haurrek eskolara oinez edo bizikletaz eta helduen zaintzarik gabe iristeko kaleak eskaintzen dituen aukerak irudikatu ahal izango dituzte.

Ikastetxera joateko eskola bideen maparen gainean, gune gatazkatsuenak identifikatuko dira eta Udalari zein ikastetxeari berari zuzenduko zaizkion hobekuntza proposamenak egingo dira. Tresna horrek mapak partekatzea eta ordenagailu eta kokapen askotatik lan egitea ahalbidetzen du.

Lantegiaren edukietako batzuk honako hauek izan ziren:

  • Puntuak eta lerroak marraztea maparen gainean.
  • Elementuak editatzea eta argazkiak txertatzea.
  • Legenda bat prestatzea.
  • Mapak partekatzea.
  • Informazioa partekatzeko modua eztabaidatu zen, kasu honetan diagnostikoaren emaitzak.

Lantegian zehar, Urkide eta Marianistas ikastetxeen inguruetako espazio publikoaren diagnostikoan identifikatutako puntu gatazkatsuak kartografiatu ziren eta argazkien bidez dokumentatu ziren.

Saioa oso praktikoa izan zen eta irakasleek gogoz hartu zuten parte, eta lantegiaz egin zuten balorazioa oso positiboa izan zen. Lantegia berriro egin zen urriaren 29an Ingurugelan, eskola orduetatik kanpo.

* Eskolako Agenda 21 2014-2016

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala